Tobit 2:8-14 EABD

8 Auzokoek barre egiten zidaten, esanez: «Ez du beldurrik! Horrelako zerbaitengatik ibili zitzaizkion agintariak bila, hiltzera kondenatzeko, eta ihes egin zuen. Baina berriro ere hilak hobiratzen ari da».

9 Gau hartan, garbikuntza egin ondoren, etxartera joan eta pareta ondoan etzan nintzen aurpegia estali gabe, bero baitzegoen.

10 Ez nintzen ohartu txolarreak zeudela paretan, nire gainean. Haien zirina, oraindik bero-bero, begietara jausi zitzaidan eta lausotu egin zitzaizkidan begiak. Joan nintzen sendagileengana sendatzera; baina zenbat eta ukendu gehiago eman, hainbat eta gutxiago ikusten nuen lausoarengatik, erabat itsu gelditzeraino. Lau urtez egon nintzen itsu. Nire ahaideak atsekabetuak zeuden niregatik eta Ahikarrek bi urtez mantendu ninduen, Elimaidara joan zen arte.

11 Egoera hartan, Ana, nire emaztea, kanporako ehuna egiten hasi zen.

12 Berak lana bukaturik ematean, nagusiek ordaindu egiten zioten saria. Behin batez, Distros hilaren zazpian, oihala egiten bukatu eta eraman zien nagusiei. Haiek lansari osoa ordaindu eta, gainera, antxumea erregalatu zioten jateko.

13 Etxean sartzean, antxumea beeka hasi zen; orduan, emazteari dei egin eta esan nion:—Nondik etorri da antxume hori? Ez da, bada, lapurtua izango? Itzuli bere jabeei, ezin dugu-eta ostutako ezer jan!

14 Emazteak erantzun zidan:—Erregalatu egin didate, lansariaz gainera.Nik, ordea, ez nion sinesten eta esan eta esan ari nintzaion jabeei itzultzeko. Haserretu ere egin nintzen hori zela eta. Orduan, emazteak esan zidan:—Non dira zure erruki-egintzak? Non zure egintza onak? Argi aski dago zer gertatu zaizun!