14 «Ez atzeratu biharamuna arte langileari saria ordaintzea; ordaindu berehala, Jainkoak ere emango baitizu ordaina berari zerbitzu egitean.«Ene seme, ibili kontuz zeure egintza guztietan, eta jokaeran ager ezazu ongi hezia zarela.
15 Ez egin inori zeuretzat nahi ez duzunik. Ez edan ardoa mozkortzeraino eta ez ibili hor zehar mozkorturik.
16 Eman zeure ogia gose denari eta zeure janzkiak biluzik daudenei. Sobera duzuna eman limosnatan eta ez jarri aurpegi txarrik limosna ematerakoan.
17 Eskaini ogia zintzoen heriotzagatik negarrez ari direnei, baina ez eman bekatariengatik ari direnei.
18 «Eskatu aholkua jende zuhurrari eta ez mespretxatu aholku onuragarria.
19 «Goretsi Jauna, zeure Jainkoa, une guztietan, eta eska iezaiozu zuzen ditzala zure bideak eta lagun diezazula zure asmo eta ibilerak ongi burutzen. Zuhurtzia ez da inongo herrirena, baizik eta Jaunak berak du on den guztia ematen eta berak beheratzen nahi duena Hildakoen Egoitzaraino.«Ene seme, hartu gogoan irakaspen hauek eta ez ahaztu.
20 «Ene seme, gauza bat jakinarazi behar dizut: hirurehun eta berrogeita hamar kilo zilar utzi nituen Gabriren seme Gabaelen etxean, Mediako Rage hirian.