Tobit 5:4-10 EABD

4 Mediara joaten lagunduko zion eta bidea jakingo zuen norbaiten bila atera zen Tobias. Kanpoan, Rafael aingerua aurkitu zuen zutik bere aurrean, baina ez zion antzeman Jainkoaren aingerua zenik.

5 Eta galdetu zion:—Nongoa zara, gazte?Hark erantzun:—Israeldarra naiz, zutarren artekoa. Lan bila etorria nauzu hona.Tobiasek galdetu zion:—Ba al dakizu Mediarako bidea?

6 Eta hark:—Bai, sarritan izana naiz bertan eta oso ongi dakizkit harako bide guztiak. Maiz joan izan naiz Mediara eta hango Rage hirian bizi den gure herritar Gabaelen etxean egona naiz ostatuz. Bi eguneko bidea dago Ekbatanatik Ragera, biak mendian baitaude.

7 Tobiasek esan zion:—Itxaron, gazte, aitari esatera noa eta. Lagundu egin behar didazu hara joaten. Emango dizut ordaina.

8 Eta hark:—Ongi da. Itxarongo dizut, baina ez luzatu.

9 Tobias bere aita Tobiti adieraztera joan zen eta esan zion:—Begira, aurkitu dut bat; gure herritarra da, israeldarra.Tobitek, orduan:—Dei egiozu; zein senitarte eta leinutakoa den eta zuri lagun egiteko konfiantzazkoa den jakin behar dut, seme.

10 Atera eta dei egin zion Tobiasek:—Gazte, gure aitak dei egiten dizu.Aingerua etxean sartzean, Tobitek agurtu zuen lehenbizi. Hark erantzun zion:—Zorion ugari opa dizut!Tobitek ihardetsi:—Zer zorion izan dezaket? Itsutua nago, ez dut egun-argirik ikusten. Hemen nago ni ilunpetan, argirik ikusten ez duten hildakoen antzera. Bizi naizelarik, hildakoen artean bezala nago. Jendearen ahotsa entzuten dut, baina ez dut ezer ikusten.Hark esan zion:—Izan adore, Jainkoak laster sendatuko zaitu eta! Izan adore!Tobitek, orduan:—Nire seme Tobiasek Mediara joan nahi du. Lagunduko al zenioke eta gidatu? Emanen dizut ordaina, ene anaia.Hark erantzun zion:—Bai, laguntzeko eran nago; badakizkit bide guztiak. Maiz izana naiz Median eta ibilia hango lautada eta mendietan. Badakizkit bide guztiak.