7 Tobiasek esan zion:—Itxaron, gazte, aitari esatera noa eta. Lagundu egin behar didazu hara joaten. Emango dizut ordaina.
8 Eta hark:—Ongi da. Itxarongo dizut, baina ez luzatu.
9 Tobias bere aita Tobiti adieraztera joan zen eta esan zion:—Begira, aurkitu dut bat; gure herritarra da, israeldarra.Tobitek, orduan:—Dei egiozu; zein senitarte eta leinutakoa den eta zuri lagun egiteko konfiantzazkoa den jakin behar dut, seme.
10 Atera eta dei egin zion Tobiasek:—Gazte, gure aitak dei egiten dizu.Aingerua etxean sartzean, Tobitek agurtu zuen lehenbizi. Hark erantzun zion:—Zorion ugari opa dizut!Tobitek ihardetsi:—Zer zorion izan dezaket? Itsutua nago, ez dut egun-argirik ikusten. Hemen nago ni ilunpetan, argirik ikusten ez duten hildakoen antzera. Bizi naizelarik, hildakoen artean bezala nago. Jendearen ahotsa entzuten dut, baina ez dut ezer ikusten.Hark esan zion:—Izan adore, Jainkoak laster sendatuko zaitu eta! Izan adore!Tobitek, orduan:—Nire seme Tobiasek Mediara joan nahi du. Lagunduko al zenioke eta gidatu? Emanen dizut ordaina, ene anaia.Hark erantzun zion:—Bai, laguntzeko eran nago; badakizkit bide guztiak. Maiz izana naiz Median eta ibilia hango lautada eta mendietan. Badakizkit bide guztiak.
11 Tobitek galdetu zion:—Ene anaia, zein senitarte eta leinutakoa zaitugu? Esadazu.
12 Hark erantzun:—Zer axola dizu zein leinutakoa naizen?Baina Tobitek, berriro:—Anaia, jakin egin nahi dut noren seme zaren eta nola duzun izena.
13 Hark, orduan:—Azarias nauzu, Ananias ospetsuaren semea, zure herritarretakoa.