Zakarias 5 EABD

Seigarren ikuskaria: liburua

1 Berriro jaso nituen begiak eta liburu bat ikusi nuen hegan.

2 Aingeruak galdetu zidan:—Zer ikusten duzu?Nik erantzun:—Liburu bat ikusten dut hegan, hamar metro luze eta bost zabal dena.

3 Orduan, azaldu zidan:—Lurbira osoaren gainera zabaltzeko dagoen madarikazioa dakar liburuak.Liburuaren alde batean «Lapur guztiak garbituko dituzte» zegoen idatzia, eta bestean «Gezur-zinegile guztiak garbituko dituzte».

4 Honela dio Jaun ahalguztidunak: «Neuk bidaltzen dut madarikazio hori, lapurraren etxera eta nire izenean gezur-zinak egiten dituenaren etxera sar dadin; bertan geratuko da, etxe osoa, harri eta habe, ezereztu arte».

Zazpigarren ikuskaria: ontzia eta emakumea

5 Adierazpenak ematen zizkidan aingeruak, hurbildurik, esan zidan:—Jaso begiak eta begiratu agertzen ari denari.

6 —Zer da? —galdetu nion.Hark erantzun zidan:—Ontzi handi bat da: lurralde guztiaren bekatua adierazten du.

7 Ontzia berunezko estalkiz itxia zegoen. Estalkia jaso zutenean, emakume bat agertu zen ontzi barruan jesarria.

8 Aingeruak adierazi zidan:—Gaiztakeria da.Ontzi barrura bultza egin zion emakumeari eta berunezko estalkia ezarri gainean.

9 Begiak jaso eta bi emakume ikusi nituen, airean hegaz. Hegoak zikoinaren gisakoak zituzten. Ontzia hartu eta zerurantz jaso zuten.

10 Adierazpenak ematen zizkidan aingeruari galdetu nion:—Nora daramate ontzia?

11 Eta hark erantzun:—Babiloniara; han santutegia eraikiko diote, eta prest dagokeenean, oin-aulki gainean jarriko dute.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14