1 Korintoarrei 10 EAB

Israelen gertaerak aurreirudi kristauentzat

1 Senideok, jakin behar duzue, gure arbasoak denak egon zirela hodeiaren babespean eta denek igaro zutela Itsaso Gorria.

2 Denek hartu zuten bataioa hodeian eta itsasoan, Moisesekin bat egiteko.

3 Denek jan zuten espirituzko janari bera,

4 eta denek edan espirituzko edari bera; izan ere, beraiekin zihoan espirituzko harkaitzetik edaten zuten, eta harkaitz hori Kristoren irudi da .

5 Hala ere, haietako gehienak ez ziren Jainkoaren gogoko izan, eta hilik gelditu ziren basamortuan.

6 Hau guztia guretzat ikasbide izateko gertatu zen, gaiztakeriarik irrika ez dezagun, haiek irrikatu zuten bezala.

7 Ez zaiteztela sasijainkozale izan, haietako batzuk bezala. Honela dio Liburu Santuak: Otordua egitera eseri zen herria; ondoren, jostatzeari ekin zioten.

8 Ez dezagun haragikeriara jo, haietako batzuek bezala, eta egun bakar batean hogeita hiru mila lagun hil ziren.

9 Ez dezagun tenta Jauna, haietako batzuek egin zuten bezala, eta sugeek zizta eginda hil ziren.

10 Ez zaiteztela marmarrean ari ere, haietako batzuk ari izan ziren bezala, gero aingeru suntsitzailearen esku hil zirelarik.

11 Haiei gertaturiko gauza horiek ikasbide dira guretzat, eta gure eskarmenturako idatzi zituzten, azkenak diren garai hauetan bizi garenok zentzarazteko.

12 Beraz, zutik dagoela uste duenak egin beza kontu eror ez dadin.

13 Ez zaizue gainera etorri giza indarrez gainditu ezin ahalako tentaldirik; leiala da Jainkoa, eta ez du utziko zeuen indarrez gaindiko tentaldirik izan dezazuen. Aitzitik, tentaldiarekin batera indarra ere emango dizue, tentaldia garaitu ahal izateko.

Idolatriari uko

14 Ene maiteok, ihes egiozue, beraz, idolatriari.

15 Pertsona zentzudunei bezala mintzo natzaizue; juzgatu zeuek diodana.

16 Jainkoa bedeinkatuz hartzen dugun esker oneko kopak, ez al gaitu Kristorekin bat egiten beronen odolean? Eta zatitzen dugun ogiak, ez al gaitu Kristorekin bat egiten beronen gorputzean?

17 Ogia bat denez, denok gorputz bat gara, ogi bakarretik hartzen baitugu denok.

18 Begira Israel herrian gertatzen denari: opariak jaten dituztenek ez al dute bat egiten aldarearekin?

19 Honekin ez dizuet esan nahi sasijainkoei egindako opariek baliorik dutenik, edo sasijainkoa zerbait denik.

20 Ez, noski! Deabruei eskaintzen zaizkie opari horiek, ez Jainkoari. Eta nik ez dut nahi zuek deabruarekin bat egiterik.

21 Ezin duzue edan Jaunaren kopatik eta deabruenetik. Ezin duzue parte izan Jaunaren mahaian eta deabruenean.

22 Edo sutu egin nahi ote dugu Jainkoaren haserrea? Bera baino indartsuago ote gara?

Egin guztia Jainkoaren aintzarako

23 «Dena zilegi da»; bai, baina ez da dena komenigarri. «Dena zilegi da»; bai, baina ez da dena elkartea eraikitzeko lagungarri.

24 Ez bedi inor bere buruaren onaren bila ibil, besterenaren bila baizik.

25 Jan azokan saltzen den guztitik, kontzientzi arazorik sortu gabe,

26 Jaunarenabaita lurra eta bertan dagoen guztia.

27 Jentil batek gonbidatzen bazaituzte eta zuek gonbita onartu, jan mahaira ateratzen dizuen guztitik, kontzientzi arazorik egin gabe.

28 Baina norbaitek «Sasijainkoei eskainitako haragia da hori» esaten badizue, ez jan, oharra egin dizunari eta kontzientziari zor diezun errespetuagatik.

29 Ez dut zure kontzientziagatik esan nahi, bestearenagatik baizik. Eta zergatik mugatu behar du besteren kontzientziak nire askatasuna?

30 Jatordua Jainkoari eskerrak emanez egiten badut, zergatik gaitzetsi behar naute Jainkoari eskerrak emanez jaten dudanarengatik?

31 Nolanahi ere, nahiz jan, nahiz edan, nahiz beste edozer egin, egizue dena Jainkoaren aintzarako.

32 Eta ez izan erorbide ez juduentzat, ez jentilentzat, ez eliz elkartearentzat ere.

33 Ni ere guztiei atsegin ematen saiatzen naiz gauza guztietan eta ez dut bilatzen neure ona, besteena baizik, salba daitezen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16