1 Korintoarrei 7 EAB

EZKONTZAZ ETA GIZARTE BIZITZAZ KRISTAU IKUSPEGIA (7,1-40)

Ezkonduen betebeharrak

1 Idatzi zenizkidaten galderei erantzunez, hau diotsuet: Ongi dago ez ezkontzea;

2 baina, lizunkeria dela eta, gizon bakoitzak izan beza bere emaztea eta emakume bakoitzak bere senarra.

3 Eman biezaio senarrak emazteari zor diona, eta berdin emazteak senarrari.

4 Emaztea ez da bere buruaren jabe, senarra baizik, ezta senarra ere berearen jabe, emaztea baizik.

5 Ez ukatu elkarri zor diozuena, elkarrekin ados eta aldi labur baterako ez bada, otoitzean ari izateko. Eta gero, elkartu berriro, grinari eutsi ezinik, Satanasek tenta ez zaitzaten.

6 Baimen gisa diotsuet hori, ez agindu gisa.

7 Denok ni bezala ezkongabe izatea nahi nuke; baina Jainkoak eman dion dohain berezia du bakoitzak, batak hau eta besteak hura.

8 Ezkongabeei eta andre alargunei, dauden egoeran jarraitzea on dutela esaten diet, ni bezala.

9 Baina grinari eutsi ezin badiote, ezkon daitezela; hobe da ezkontzea sutan egotea baino.

10 Ezkonduei agintzen diet —ez nik, Jaunak baizik— emaztea ez dadila banandu senarrarengandik;

11 eta bananduko balitz, ez dadila berriro ezkon, edo bakeak egin ditzala senarrarekin. Eta senarrak ez dezala zapuztu emaztea.

12 Gainerakoei —neure iritzi bezala, ez Jaunaren agindu bezala— hau esaten diet: Kristau batek, kristau ez den emakume batekin ezkondua egon eta emaztea berarekin bizitzeko prest baldin badago, ez dezala zapuztu emaztea;

13 eta emakume batek, kristau ez den batekin ezkondua egon eta senarra berarekin bizitzeko prest baldin badago, ez dezala zapuztu senarra.

14 Izan ere, kristau ez den senarra Jaunarentzat sagaratua dago emaztearekin bizi duen batasunagatik; orobat kristau ez den emaztea, senarrarekin bizi duen batasunagatik. Hala ez balitz, zuen seme-alabak ez lirateke Jainkoarenak izango; baina egiaz Jaunarentzat sagaratuak dira.

15 Kristau ez dena, ordea, banandu nahi balu, banandu bedi; horrelakoetan kristaua —gizon nahiz emakume— aske gelditzen da, Jainkoak bakean bizitzera deitu baitzaituzte.

16 Zeren nork esaten dizu zuri, emazte horri, zeure senarra salbatuko duzula? Edo zuri, senar horri, zeure emaztea salbatuko duzula?

Kristauek lehengo gizarte-egoeran jarraitu

17 Aipaturiko kasuaz aparte, jarrai beza bakoitzak Jaunak ezarri dion bizi-egoeran, hots, Jainkoak federa dei egitean zuen egoeran. Hau da eliz elkarte guztietan ematen dudan araua.

18 Erdaindua zinelarik deitu zintuela Jainkoak? Ez ibili zeure erdainkuntza ezkutatu nahian. Erdaingabea zinelarik deitu zintuela? Ez erdaindu.

19 Erdaindua nahiz erdaingabea izateak ez du garrantzirik; Jainkoaren aginduak betetzea da balio duena.

20 Jarrai dezala bakoitzak Jainkoak deitzerakoan bizi zen egoeran.

21 Esklabo zinelarik deitu zintuela Jainkoak? Ez izan ardurarik; baina, askatasuna lortzeko aukera baduzu, ez alferrik galdu.

22 Jaunaren deiak esklabo dena libre egiten du, eta libre dena Kristoren esklabo bihurtzen.

23 Garesti ordainduz eskuratu zaituzte Jainkoak: ez bihurtu, beraz, gizakien esklabo.

24 Senideok, jarrai beza bakoitzak Jainkoaren aurrean, honek deitzerakoan zuen bizi-egoeran.

Ezkongabeak eta emakume alargunak

25 Ezkongabeentzat ez daukat Jaunaren agindurik. Hala ere, neure iritzia emango dizuet, Jaunaren errukiaz sinesgarri naizenez gero.

26 Bizi ditugun une larriak gogoan harturik, esan dudana egoki dela uste dut, hau da, on dela norberak dagoen egoeran jarraitzea.

27 Ezkondua zarela? Ez ibili banandu nahian. Ezkongabea zarela? Ez hasi emazte bila.

28 Hala ere, ezkontzen bazara, ez duzu bekaturik egiten; neskatxak ere, ezkontzen bada, ez du bekaturik egiten. Baina ezkontzen direnek arazo handiagoak izango dituzte beren bizitzan, eta nik ez nuke nahi horrelakorik zuentzat.

29 Senideok, epea laburtu egin dela diotsuet. Beraz, gelditzen zaigun denboran, ezkonduak bizi bitez ezkondurik ez baleude bezala;

30 negar dagitenak, egingo ez balute bezala; pozik daudenak, ez baleude bezala; erosten dutenak, ezer ez balute bezala,

31 eta mundu honetako gauzez baliatzen direnak, baliatuko ez balira bezala; mundu hau, orain ageri zaigun itxuran, desagertzear baitago.

32 Kezka guztiak kendu nahi nizkizueke. Ezkongabea Jaunaren gauzez kezkatzen da, Jaunari atsegin nola emango;

33 ezkondua, berriz, munduko gauzez, bere emazteari atsegin nola emango,

34 eta bere baitan zatitua dago. Emakume ezkongabea eta neskatxa Jaunaren gauzez kezkatzen dira, eta beroni gorputz-arimaz emanak bizi dira; ezkondua, berriz, munduko gauzez, bere senarrari atsegin nola emango.

35 Hau zeuen onerako diotsuet, ez ezertan behartu nahi zaituztedalako. Hau da nahi dudana: era egokienean bizi zaiteztela, oso-osorik Jaunari atxikiak.

36 Gazte grinatsu batek bere neskatxarekin ez dela ongi jokatzen ari eta ezkondu egin behar duela uste badu, bete dezala bere asmoa, eta ezkon daitezela; ez du bekaturik egiten.

37 Baina beste batek, inork behartu gabe eta bere buruaren jabe dela, andregaiarekin ez ezkontzeko erabaki sendoa bere baitan hartzen badu, oso ongi egingo du.

38 Bere andregaiarekin ezkontzen denak, beraz, ongi egiten du, eta ezkontzen ez denak, hobeki.

39 Emakumea loturik dago senarra bizi den bitartean. Hiltzen bazaio, libre gelditzen da eta nahi duenarekin ezkon daiteke, aukeratua kristaua izanez gero.

40 Baina zoriontsuagoa izango da dagoen bezala gelditzen bada; hau da nire iritzia, eta Jainkoaren Espiritua nik ere badudalakoan nago.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16