1 Leku guztietan zabaldua dago, zuen artean lizunkeri arazo bat dagoela, eta ez nolanahikoa, jentilen artean ere gertatzen ez direnetakoa baizik: zuetako batek amaordea omen du emazte.
2 Eta zuek, negar egin beharrean, harro jarraitzen duzue, eta ez duzue bota zeuen artetik horrela jokatu duena.
3 Bada, nik, gorputzez urruti baina espirituz hor bertan nagoen honek, erabakia dut dagoeneko hori egin duenarentzat epaia, bertan banengo bezalaxe:
4 Jesus gure Jaunaren izenean bilduko zarete —eta han izango naiz ni ere espirituz— eta, Jesus gure Jaunaren ahalmenez,
5 Satanasen esku utziko duzue hori, ea horrela, beraren bekatuzko izaera suntsiturik, Jaunaren egunean salbatzen den.
6 Ez duzue batere arrazoirik harrotzeko. Ez al dakizue legamia pixka batek ore guztia altxatzen duela?
7 Bazter ezazue legamia zaharra eta izan ore berri, legamia gabeko pazko-ogiak bezala; izan ere, horixe zarete, Kristo gure Pazko-bildotsa opari eskainia izan denez gero.
8 Ospa dezagun, beraz, Pazko-jaia, baina ez legamia zaharrarekin, bekatu eta gaiztakeriazko legamiarekin, legamia gabeko pazko-ogiekin baizik, hau da, bihotz-garbitasunez eta egiaz.
9 Beste gutunean jende lizunekin ez elkartzeko esaten nizuen.
10 Ez nintzen mundu honetako lizunez mintzo, edo hemengo diruzale, lapur eta sasijainkozaleez; bestela, mundutik atera egin beharko zenukete.
11 Hau da esan nahi nizuena: kristau direla esan eta lizun, diruzale, sasijainkozale, izen onaren kentzaile, mozkor edo lapur direnekin ez elkartzeko. Horrelakoekin, ezta otordu bat egin ere!
12-13 Ez dagokit niri kanpokoak epaitzea; horiek Jainkoak epaituko ditu. Zuek elkartekideak epaitu behar dituzue. Liburu Santuak dio: Bota gaiztoa zeuen artetik.