1 Korintoarrei 9 EAB

Paulok bere eskubideei uko

1 Ez ote naiz libre? Ez ote naiz apostolu? Ez ote dut ikusi Jesus gure Jauna? Ez ote da nire lanaren fruitu zuek kristau izatea?

2 Besteek apostolutzat hartu nahi ez banaute ere, zuek behintzat hartu behar nauzue, zuek kristau izatea baita apostolu naizenaren froga.

3 Horixe da nire defentsa salatzen nautenen kontra.

4 Ez ote dugu, bada, janaria eta edaria hartzeko eskubiderik?

5 Ez ote dugu eskubiderik emakume fededun batekin ibiltzeko, beste apostoluek, Jaunaren anaiek eta Pedrok berak bezala?

6 Ala Bernabe eta biok ote gara geure mantenua irabazteko lan egin behar dugun bakarrak?

7 Nor ibili da inoiz gerran beretik ordainduta? Nork landatzen du mahastia eta gero beronen fruituetatik jaten ez? Nork bazkatzen du artaldea eta ardien esnetik edaten ez?

8 Giza esperientziako adibideak aipatzen ditudala? Eta ez ote dio gauza bera Moisesek ere?

9 Legean, hain zuzen, honela dago idatzirik: Ez diozumuturrekorik ipiniko gari jotzen ari den idiari. Idien arduraz ote dio hori Jainkoak?

10 Ala ez ote dio hori guregatik, hain zuzen? Jakina, bada, guregatik dagoela idatzia. Izan ere, bai lurra lantzen duenak, bai gari jotzen ari denak, fruituan bere partea izango duen itxaropenez egin behar du lan.

11 Zuengan espirituzko ondasunak erein baditugu, gehiegi ote da zuengandik lurreko ondasunak jasotzea?

12 Beste batzuek zuen ondasunetan parte izateko eskubidea baldin badute, askoz handiagoa guk.Hala ere, ez gara baliatu eskubide horretaz; bestela baizik, den guztia jasan izan dugu, Kristoren berri onari oztoporik ez jartzeagatik.

13 Ez al dakizue, eginkizun sakratuetan jarduten dutenek tenplua izaten dutela mantenu-bide, eta aldarean zerbitzatzen dutenek aldarean eskaintzen diren oparietatik hartzen dutela beren partea?

14 Era berean, Jaunak ere, berri ona hots egiten dutenei, berri onaren zerbitzuan egiten duten lanetik bizitzeko eskubidea dutela adierazi zien.

15 Baina nik ez dut eskubide horretaz baliatu nahi izan; eta orain ere, hau idazten badizuet, ez da hori lortu nahi dudalako. Nahiago nuke hil… Ez, ez dit inork harrotzeko bide hori kenduko.

16 Egiaz, berri ona hots egiten dudala-eta ezin naiz harrotu; ezinbesteko eginbehartzat jotzen baitut hori, eta errukarria ni, berri ona hots egingo ez banu!

17 Hori neure gogoz egingo banu, mereziko nuke saria; baina nik nahi gabe beste batek ezarritako eginkizuna betetzen ari banaiz,

18 zer sari zor zait orduan? Hauxe besterik ez: berri ona dohainik hots egitea, berri onaren zerbitzutik datozkidan eskubideez baliatu gabe.

Paulo, dena denentzat

19 Guztiz libre naizen arren, guztien esklabo egin naiz, ahalik jende gehien Kristorentzat irabazteko.

20 Juduekin judu egin naiz, juduak irabazteko; Moisesen legepean bizi direnekin legepeko egin naiz, nahiz eta neu lege horren menpeko ez izan, legepean bizi direnak irabazteko.

21 Moisesen legea ezagutzen ez dutenekin, legea kontuan hartu gabe bizi izan naiz, legea ezagutzen ez dutenak irabazteko; ez, noski, Jainkoaren legerik onartzen ez dudalako, nire legea Kristo baita.

22 Ahul direnekin ahul egin naiz, ahulak irabazteko. Guztiengana ahalik eta gehien egokitzen saiatu naiz, nolabait batzuen batzuk salbatzeko.

23 Eta guztia berri onagatik egiten dut, berri on horretan neuk ere parte izan dezadan.

Atleten antzera

24 Denok dakizue kiroldegian partaide guztiek egiten dutela lasterka, baina saria batek bakarrik jasotzen duela. Beraz, egizue lasterka, irabazteko eran.

25 Atletek diziplina gogorra ezartzen diote beren buruari, eta hori, zimeltzen den koroa irabazteko; guk, ordea, zimeltzen ez dena irabazteko.

26 Ni ere hala aritzen naiz; ez lasterka itsu-itsuan egiten duena edo ukabilkadak hutsean jotzen dituen borrokalaria bezala;

27 baizik eta neure gorputza hezi eta menpean jartzen dut, besteei irakatsi ondoren neu baztertua gerta ez nadin.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16