1 Paulo, Silvano eta Timoteok, Jainko Aitarekin eta Jesu Kristo Jaunarekin bat eginik dagoen Tesalonikako eliz elkarteari idazten diogu. Grazia eta bakea zuei.
2-3 Eskerrak ematen dizkiogu beti Jainkoari zuek guztiongatik, gure otoitzetan gogoan zaituztegula. Jainko gure Aitaren aurrean gogora dakartzagu etengabe zuen sinesmen ekintzailea, zuen maitasun saiatua eta Jesu Kristo gure Jaunarengan duzuen itxaropen iraunkorra.
4 Badakigu, senideok, Jainkoaren maiteok, berak aukeratu zaituztela.
5 Izan ere, guk zuei hots egindako berri ona ez zitzaizuen hitz hutsez eman, Espiritu Santuaren indar beteaz baizik. Ongi dakizue zuen artean egin genuen guztia zuen onerako izan zela.
6 Eta zuek gure eta Jaunaren ereduari jarraitu zenioten, atsekabe askoren artean izanik ere, Espiritu Santuaren pozez onartu baitzenuten Jainkoaren mezua.
7 Horrela, eredu gertatu zarete Mazedonia eta Akaiako sinestedun guztientzat.
8 Izan ere, zuenetik zabaldu da Mazedonia eta Akaiara Jaunaren mezua; eta eskualde horietara ez ezik, bazter guztietara ere heldu da Jainkoarengan duzuen sinesmenaren entzutea, guk ezer esan beharrik gabe.
9 Beraiek kontatzen dute, hain zuzen, nolako harrera egin zeniguten zuengana joan ginenean eta nola, sasijainkoak utzirik, Jainko bizi eta egiazkoagana itzuli zineten, berau zerbitzatzeko
10 eta zerutik etorriko den beraren Seme Jesusen zain egoteko. Jainkoak hilen artetik piztu du Jesus, eta beronek askatuko gaitu etortzekoa den haserre-zigorretik.