1 Azkenik, senideok, otoi eta otoi hau eskatzen dizuet Jesus Jaunaren izenean: Jainkoari atsegin emateko nola bizi guregandik ikasi zenutenez gero, saia zaitezte gero eta gehiago horrela bizitzen.
2 Badakizue nolako irakaspenak eman genizkizuen Jaunaren izenean.
3 Hau nahi du Jainkoak zuengandik: bizi zaiteztela berarentzat, sagaratuei dagokienez, eta alde egin dezazuela lizunkeriatik.
4 Joka dezala bakoitzak zentzu santuz eta errespetuz bere emaztearekin,
5 bere burua grinen menpeko egin gabe, Jainkoa ezagutzen ez duten jentilek bezala;
6 inork ez dezala gai honetan bere senidea irain edo engaina, Jauna bera baita horiez guztiez mendekatzen dena, lehen ere behin eta berriro zinez esan genizuen bezala.
7 Jainkoak ez gaitu moralgabekerian bizitzeko deitu, berarentzat sagaraturik bizitzeko baizik.
8 Beraz, irakatsi hauek gutxiesten dituenak ez du gizakia gutxiesten, bere Espiritu Santua ematen dizuen Jainkoa baizik.
9 Elkarri zor diozuen maitasunari buruz, ez duzue nik idatzi beharrik, Jainkoak berak irakasten baitizue elkar maitatzen,
10 eta hala egiten duzue Mazedonia osoko senideekin. Hala ere, senideok, saia zaitezte, arren, gero eta maitasun handiagoa izaten
11 eta bizitza baketsua eramaten, nor bere arazoez arduratuz eta nork bere eskuz lan eginez, agindua dizuegun bezala.
12 Horrela, kristau ez direnen errespetua zeuenganatuko duzue, eta ez duzue inoren beharrik izango.
13 Senideok, ez dugu nahi hildakoen zoriari buruz zuek ezjakinean egoterik, atsekabe ez zaitezten, itxaropenik ez dutenen antzera.
14 Jesus hil eta piztu zela egiaz sinesten badugu, era berean, Jesusekin bat eginik hil direnak ere Jainkoak berekin hartuko ditu.
15 Hau diotsuegu, Jaunaren irakatsian oinarrituz: guk, Jauna etortzean bizirik gertatuko garenok, ez diegu hil direnei aurrea hartuko.
16 Zeren, goiangeruaren ahotsez eta Jainkoaren turuta-hotsez seinalea emanik, Jauna bera jaitsiko baita zerutik, eta aurrena Kristorekin bat eginik hildakoak piztuko dira;
17 gero gu, artean bizirik izango garenok, haiekin batean eramango gaituzte hodeietan, airean Jaunarekin topo egitera. Eta horrela beti Jaunarekin egongo gara.
18 Adore ezazue, beraz, elkar hitz hauekin.