1 Senideok, ongi dakizue gure egonaldia zuen artean ez zela alferrikakoa gertatu.
2 Dakizuenez, sufrimenduak eta irainak jasan berriak ginen Filipon; hala ere, Jainkoak emaniko ausardiaz adierazi genizuen beraren berri ona zailtasun handien artean.
3 Gure predikua, izan ere, ez zen uste okerretan oinarritua, ezta asmo maltzurrez nahiz engainuz egina ere.
4 Bestela baizik, Jainkoak berri ona gure esku jartzeko gai ikusi gaituenez, horren arabera hitz egiten dugu, ez gizakiei atsegin emateko, gure bihotzak aztertzen dituen Jainkoari baizik.
5 Jainkoa dut lekuko, eta zuek ere badakizue, ez ginela behin ere lausenguaz baliatu, ezta diru-gosearen eraginez jardun ere;
6 ez genuen giza onespena ere bilatu, ez zuengandik, ez besterengandik.
7 Kristoren apostolu garenez, geure aginpideaz balia gintezkeen, baina maitasun samurrez tratatu nahi izan zaituztegu, bere haurrak maitekiro zaintzen dituen amak bezala.
8 Hain bihotzeko zintuztegunez, prest geunden, Jainkoaren berri ona ez ezik, baita geure bizia ere zuei emateko. Hainbesteraino maite zintuztegun!
9 Senideok, gogoan izan gure neke eta ahaleginak: gau eta egun egin genuen lan zuetako inorentzat zama ez izateagatik, Jainkoaren berri ona hots egin genizuenean.
10 Zuek zarete testigu, eta Jainkoa ere bai, zein garbi, zuzen eta akats gabe jokatu genuen zuekin, sinestedunokin.
11 Eta ongi dakizue, aita bere seme-alabentzat bezala izan garela zuetako bakoitzarentzat,
12 zuei aholku eta adore emanez eta Jainkoari dagokion eran bizitzeko eskatuz, honek bere erreinura eta aintzara deitzen zaituztenez gero.
13 Horregatik, etengabe ematen dizkiogu eskerrak Jainkoari; zeren, Jainkoaren mezua hots egin genizuenean, zuek onartu egin baitzenuten: ez zenuten hartu giza hitz huts bezala, Jainkoaren hitz bezala baizik. Hala da izan ere, eta lan ederra ari da egiten zuengan, sinesten duzuenongan.
14 Benetan, senideok, zuek ere, Judean bizi diren eta Jesu Kristorenak diren Jainkoaren eliz elkarteen jarraitzaile bilakatu zarete; izan ere, haiek juduen aldetik jasan zituzten sufrimendu berberak jasan dituzue zuek ere zeuen herritarrengandik.
15 Juduek Jesus Jauna eta profetak hil zituzten, eta orain gu pertsegitzen gaituzte. Ez zaizkio Jainkoari atsegin eta gizon-emakumeentzat etsai dira,
16 galarazi egin nahi baitigute jentilei, salbatu ahal izateko, mezua predikatzea; horrela, beren bekatuen neurria betetzen ari dira etengabe; baina badatorkie gainera, eta behin betiko, Jainkoaren haserre-zigorra.
17 Senideok, guri dagokigunez, aldi batez zuengandik urruti aurkitu ginelarik —gorputzez, ez bihotzez—, eginahalak eta gehiago egin genituen zuek aurrez aurre ikustera joateko. Hain baitzen kartsua gure gogoa,
18 zuei ikustaldi bat egitea erabaki genuen —ni neu, Paulo, behin baino gehiagotan saiatu ere bai—; baina Satanasek galarazi egin zigun.
19 Izan ere, nor izango da gure itxaropena eta poza? Nor, zuek izan ezik, Jauna agertuko denean beronen aurrean harro aurkeztuko dugun garaipen-koroa?
20 Bai, zuek zaituztegu geure aintza eta poza.