1 Senideok, hori noiz eta nola izango den, ez duzue nik idatzi beharrik.
2 Zeuek dakizue aski ongi Jaunaren eguna ustekabean etorriko dela, lapurra gauez bezala.
3 Jendea «Hau bakea eta segurtasuna!» esaten ariko denean, orduan etorriko zaie hondamendia gainera, ustekabean, haurdun dagoenari erdiminak bezala, eta ez dute ihes egiterik izango.
4 Zuek, ordea, senideok, ez zarete ilunpetan bizi, eta egun horrek ez du zuek lapurrak bezala zertan harrapatu.
5 Zuek guztiok argiaren eta egunaren aldeko zarete; ez gaude, ez, gauaren eta ilunaren menpean.
6 Beraz, ez dezagun lorik egin gainerakoek bezala, baizik eta egon gaitezen erne eta argi.
7 Lo egiten dutenek gauez egiten dute lo, eta mozkorrak gauez dira mozkortzen.
8 Guk, ordea, egunarenak garenok, argi behar dugu egon, geure armak prest ditugula: sinesmena eta maitasuna bularrekotzat, salbamenaren itxaropena burukotzat.
9 Izan ere, Jainkoak ez gaitu bere haserre-zigorra jasateko nahi, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez salbamena iristeko baizik.
10 Jesu Kristo guregatik hil zen, gu, nahiz esna nahiz lo, berarekin bat eginik bizi gaitezen.
11 Horregatik, bada, eman adore elkarri eta lagundu batak besteari, egiten duzuen bezala.
12 Senideok, elkarte-buru dituzuenei, zuen artean hainbeste lan egin eta zentzarazten zaituztetenei, begiramena izateko eskatzen dizuegu Jaunaren izenean.
13 Adierazi beraiei onespen eta maitasunik handiena, egiten dutenarengatik. Bizi bakean elkarrekin.
14 Otoi, senideok: zentzarazi zabar dabiltzanak, eman adore bihozgabetuei, eutsi ahulei, izan eroapen guztiekin.
15 Ez itzuli inori gaitzik gaitz orde eta saia zaitezte beti elkarri eta denei ongi egiten.
16 Zaudete beti pozik.
17 Egin otoitz aspertu gabe.
18 Eman eskerrak beti, Jainkoak horixe eskatzen baitizue, Kristo Jesusenak zaretenez.
19 Ez itzali Espirituaren indarra,
20 ez gutxietsi profezi dohainik.
21 Aztertu gauza guztiak eta hartu on dena.
22 Zaindu zeuen buruak edonolako gaiztakeriatik.
23 Bakea ematen duen Jainkoak erabat bereak egin zaitzatela, eta zuen izate osoak —gorputz, arima eta espiritu— errugabe iraun dezala Jesu Kristo gure Jauna agertuko den eguna arte.
24 Leiala da dei egiten dizuena, eta beteko du hitzemana.
25 Senideok, egin otoitz guretzat ere.
26 Agurtu besarkada santuaz senide guztiak.
27 Jaunarengatik eskatzen dizuet: irakurri senide guztiei gutun hau.
28 Jesu Kristo gure Jaunaren grazia zuekin.