Erromatarrei 12 EAB

KRISTAU JOKAERA (12,1—15,13)

1 Senideok, Jainkoaren maitasunagatik eskatzen dizuet eskain ditzazuela zeuen buruak opari bizi, santu eta Jainkoarentzat atsegingarri. Hori da egiazko zuen kultua.

2 Ez egokitu mundu honen iritzietara, eraberri zaitezte baizik, zeuen pentsaera aldatuz; horrela bereizi ahal izango duzue zer den Jainkoak nahi duena, zer den ona, atsegingarri zaiona eta bikaina.

Bakoitzak bere eginbeharra eliz elkartean

3 Jainkoak eman didan dohainaren izenean, hau diotsuet guztioi eta bakoitzari: ez hartu zeuen burua behar den baino handiagotzat; izan zaitezte neurritsu, Jainkoak bakoitzari eman dion sinesmenaren arabera.

4 Izan ere, gorputza bat den arren, atal asko ditu, eta ez dute atal guztiek eginkizun bera;

5 berdin guk ere: asko garen arren, Kristorekin elkarturik gorputz bat egiten dugu eta guztiok bata bestearen atal gara.

6 Dohain ezberdinak ditugu, Jainkoak eman nahi izan dizkigun araberakoak. Beraz, Jainkoaren izenean mintzo denak iragar beza Jainkoaren hitza sinesmenari dagokionez;

7 Jainkoak zerbitzari egin duena saia bedi zerbitzuan; irakaslea irakasten;

8 adore-emailea adore ematen. Bere ondasunak banatzen dituenak bana bitza eskuzabaltasunez; buru egiten duenak egin beza arduraz; erruki-egintzak egiten dituenak, alaitasunez.

Elkar maitatu

9 Zuen maitasuna izan bedi itxurakeriarik gabea; gorrotatu gaizkia eta itsatsi ongiari.

10 Maita ezazue elkar bihotzez senide on bezala, elkar nork baino nork maiteago izaten saiatuz.

11 Izan saiatuak eta ez nagi; izan gogoz kartsu, Jauna zerbitzatzeko beti prest.

12 Bizi zaitezte itxaropenean alai; izan eroapen handiko ezbeharrean eta iraupentsu otoitzean.

13 Lagundu fededunei beren beharretan; eman gogoz ostatu arrotzari.

14 Bedeinka itzazue erasotzen dizuetenak, bedeinkatu eta ez madarikatu.

15 Poztu pozez daudenekin; egin negar negarrez daudenekin.

16 Bizi zaitezte elkar ongi hartuz; ez izan handinahi, apalen mailako baizik; ez jo zeuen buruak jakintsutzat.

17 Ez itzuli inori gaitzik gaitz orde. Saia zaitezte gizon-emakume guztiei ongi egiten.

18 Zeuen aldetik eta ahal den neurrian, izan bakean guztiekin.

19 Ene maiteok, ez egin mendekurik zeuen kontura; utzi Jainkoari zigorra ematea, Liburu Santuak hau baitio: Neuri dagokit mendekua, neuk emango diot bakoitzari berak merezia. Hau dio Jaunak.

20 Beraz, zure etsaia gose bada, emaiozu jaten; egarri bada, emaiozu edaten. Horrela, lotsa gorrian utziko duzu.

21 Ez zaitzala gaitzak mendera, baizik eta menderatu gaitza ongiaz.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16