Erromatarrei 13 EAB

Kristauak agintarien menpeko

1 Gizaki orok izan behar du ezarritako agintarien menpeko. Ez baita aginterik Jainkoarengandik ez denik, eta oraingo agintariak ere hark ezarriak dira.

2 Beraz, agintarien menpeko egiten ez denak Jainkoaren erabakiari egiten dio aurka, eta hari aurka egiten dionak beraren epaia izango du.

3 Agintedunak ez dira beldur izatekoak ongi jokatzen denean, gaizki jokatzen denean baizik. Agintarien beldurrik gabe bizi nahi al duzu? Joka ezazu ongi, eta haien onespena izango duzu,

4 Jainkoaren zerbitzari baitira, zuri ongi jokatzen laguntzeko. Gaizki egiten baduzu, ordea, izan beldur, zigortzeko ahalmena ez baitute alferrik. Izan ere, Jainkoaren zerbitzari dira, justizia egin eta gaizkileak zigortzeko.

5 Horregatik, beharrezko da agintarien menpeko izatea, baina zigorraren beldurrez ez ezik, baita kontzientziaren eraginez ere.

6 Horrexegatik ordaintzen dituzue zergak ere, agintariak Jainkoaren ordezkari direlako, horretarako jarriak direlako.

7 Eman bakoitzari zor diozuena: zergak, kontribuzioak, begirunea, ohorea, nori berea.

Maitasuna legearen muina

8 Ez eduki zorrik inorekin, elkar maitatzekoa baizik, zeren lagun hurkoa maite duenak betea baitu legea.

9 Izan ere, harako Ez egin adulteriorik, ez hil inor, ez ostu, ez gutiziatu eta beste edozein agindu, esaldi honetan biltzen da: Maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala.

10 Lagun hurkoa maite duenak ez dio gaitzik egiten. Maite duenak, beraz, erabat betetzen du legea.

11 Horrek guztiak balio berezia du zein garaitan bizi garen jakinik. Izan ere, ordua da lotatik esnatzeko, sinesten hasi berri hartan baino hurbilago baitugu orain salbamena.

12 Badoa gaua, gainean dugu eguna; utz ditzagun, beraz, ilunpetako egintzak eta presta gaitezen argitan jarduteko.

13 Gabiltzan duintasunez, egun-argiz bezala: ez jan-edanean eta hordikerian, ez lizunkerian eta neurrigabekerian, ez haserrean eta norgehiagokerian.

14 Bizi zaitezte Jesu Kristo Jaunari itsatsiak, eta ez ibili giza grinak bete nahian.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16