Erromatarrei 2 EAB

Juduak ere bekatuaren menpean

1 Horregatik, zeure burua epaile egiten duzun horrek, zarena zarela, ez duzu aitzakiarik. Besteak epaituz, zeure burua kondenatzen duzu, zeuk, epaile horrek, gauza berberak egiten baitituzu.

2 Badakigu horrelakoak egiten dituztenak Jainkoak zorrotz epaitzen dituena.

3 Eta zu, besteengan kondenatzen dituzun gauza berak egiten dituzun hori, Jainkoaren epaiari ihes egingo diozulakoan al zaude?

4 Edota gutxietsi egiten al dituzu Jainkoaren neurrigabeko bihotz ona, eroapena eta pazientzia, beraren bihotz onak bihozberritzera gonbidatzen zaituela ahazturik?

5 Zeure bihotz damugabearen gogorkeriaz zigorra handitzen ari zara zigor-egunerako, Jainkoaren epai zorrotza agertuko den egunerako, alegia.

6 Orduan, bakoitzari bere egintzen arabera ordainduko dio Jainkoak:

7 on egiten iraun eta aintza, izen on eta hilezkortasun bila dabiltzanei betiko bizia emango die;

8 berekoikeriaz egiaren kontra jaikitzen direnei eta zuzengabekeriari men egiten diotenei, berriz, haserrea eta zigorra;

9 atsekabea eta larria emango dizkie gaizkia egiten duten guztiei: juduei lehenengo, baina baita judu ez direnei ere;

10 ospea, ohorea eta bakea ongia egiten duten guztiei: juduei lehenengo, baina baita judu ez direnei ere,

11 Jainkoak ez baitu bereizkeriarik egiten.

12 Moisesen legepean egon gabe bekatu egin dutenak, galdu ere, legerik gabe galduko dira; eta legepean egon eta bekatu egin dutenak legearen bidez izango dira epaituak;

13 ez baitira Jainkoaren aurrean zuzen legea entzun bakarrik egiten dutenak, bete ere egiten dutenak baizik.

14 Begira, jentilek, Moisesen legea ezagutu gabe ere, legeari dagokiona berez egiten dutenean, nahiz legea ez ezagutu, beraiek bihurtzen dira beren buruarentzat lege.

15 Izan ere, legearen errealitatea beren bihotzetan idatzia daukatela erakusten dute, beren kontzientziak aitortzen duen bezala, batzuetan salatu egiten baititu eta besteetan zuritu.

16 Halaxe azalduko da, Jainkoak, Jesu Kristoren bidez eta nik iragartzen dudan berri onaren arabera, gizon-emakumeen barrua epaituko duen egunean.

Moisesen legea eta erdainkuntza

17 Baina zer esan zutaz, judu izenaz harro zauden horretaz? Legean oinarritzen zara eta Jainkoaz harrotzen;

18 haren nahia ezagutzen duzu eta, legeak hala irakatsirik, onena zer den badakizu;

19 itsuen gidaritzat duzu zeure burua, ilunpetan daudenen argitzat,

20 ezikasien hezitzaile eta ezjakinen irakasletzat, eta hori, ezagutzaren eta egiaren adierazpena legean duzulako.

21 Zuk, bada, besteri irakasten diozun horrek, nola ez diozu irakasten zeure buruari? Ez dela ostu behar hots egiten duzun horrek, zergatik osten duzu zeuk?

22 Adulteriorik ez dela egin behar esan, eta zeuk egiten duzu adulterioa! Sasijainkoak higuingarriak direla esan, eta tratuan jarduten duzu haien jauretxeetan!

23 Legeaz harrotzen zaren horrek, nola desohoratzen duzu Jainkoa, legea hautsiz?

24 Horrela, Liburu Santuak dioen bezala, zuengatik atzerritarrek Jainkoaren izena gaitzesten dute.

25 Erdainkuntza baliotsua duzu, bai, baina legea betetzekotan. Legea hausten baduzu, berriz, erdainkuntzarik ez bazenu bezala da.

26 Erdaingabea, ordea, legearen aginduak betetzen baditu, ez ote du erdaindutzat hartuko Jainkoak?

27 Eta, gorputzez erdaingabea izan arren, legea betetzen duenak epaituko zaitu zu, zeure lege-liburu eta erdainkuntza guztiekin legea betetzen ez duzun hori.

28 Izan ere, benetako judua ez da kanpotik hala dena; eta benetako erdainkuntza ez da kanpotik gorputzean egiten dena.

29 Benetako judua barrutik da eta benetako erdainkuntza bihotzekoa, Espirituak egiten duena eta ez idatzitako legeak. Hau da, gizakiak ez, baina Jainkoak aintzat hartzen duena.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16