Erromatarrei 6 EAB

Kristauen biziera berria

1 Zer esan honen guztiaren ondorioz? Bekatu egiten jarraitu behar dugula, onginahia ugari dadin?

2 Ez horixe! Nola bizi gintezke oraindik bekatuan, bekatuarentzat hilik gaudenok?

3 Ez al dakizue, bada, bataioaz Jesu Kristori lotuak izan garenok, haren heriotzari izan garela lotuak?

4 Bataioaren bidez berarekin lurperatuak izan garenok, haren heriotzari lotuak gaude, Aitaren ahalmenaz Kristo hildakoen artetik piztu zen bezala, guk ere bizi berria bizi dezagun.

5 Berarena bezalako heriotzan hari itsatsiak izan bagara, hari itsatsiak izango gara harena bezalako piztueran ere.

6 Badakigu, gure izaera zaharra Kristorekin gurutziltzatua izan zela, bekatuzko gure izaera ezereztua geldi zedin, eta aurrerantzean bekatuaren esklabo izan ez gintezen.

7 Izan ere, norbait hilez gero, bekatutik libre gelditzen da.

8 Kristorekin hil bagara, sinesten dugu bizi ere berarekin biziko garela.

9 Badakigu Kristo, behin hildakoen artetik piztuz gero, ez dela berriro hilko: herioak ez du harengan aginterik;

10 haren hiltzea bekatuarentzat behin betiko hiltzea izan baitzen, eta haren bizitzea Jainkoarentzat bizitzea da.

11 Berdin zuek ere: hartu kontuan bekatuarentzat hilda zaudetela eta Jainkoarentzat bizirik, Jesu Kristorekin bat eginik.

12 Beraz, bekatua ez bedi gehiago nagusi izan zuen gorputz hilkorrean. Ez jarri beraren grinen menpean,

13 ezta eskaini ere bekatuari zeuen gorputzak, gaiztakeria egiteko tresna bihurtuz. Alderantziz, eskaini zeuen buruak Jainkoari, heriotzatik bizitzara itzulitako gizaki bezala, eta jarri zeuen gorputzak Jainkoaren zerbitzura, ongia egiteko tresna bihurtuz.

14 Horrela, bekatuak ez du zuen gain aginterik izango, ez baitzaudete legepean, Jainkoaren onginahiaren eraginpean baizik.

Kristauak bekatutik aske eta Jainkoaren esklabo

15 Beraz, zer? Bekatu egingo ote dugu, legepean ez, baizik Jainkoaren onginahiaren eraginpean gaudelako? Ez horixe!

16 Badakizue, norbaiten menpean jartzen bazarete esklabo bezala berari obeditzeko, obeditzen diozuen haren esklabo egiten zaretela: bekatuari obeditzeko bada, heriotzara zoazte; Jainkoari obeditzeko bada, berriz, salbaziora.

17 Baina Jainkoari eskerrak, bekatuaren esklabo zinetenok, irakatsi zaizuen ikasbidea bihotzez onartu duzue

18 eta, bekatutik askatuta, ongiaren zerbitzura jarri zarete.

19 Giza erara mintzo natzaizue, ulertzeko duzuen ahulezia kontuan harturik. Lehen, zeuen buruak lizunkeriaren eta gaiztakeriaren zerbitzura jarri zenituzten, erabat gaiztotzeraino; era berean orain, jar zaitezte ongiaren zerbitzura, erabat Jainkoarenak izan zaitezten.

20 Bekatuaren esklabo zinetenean, ez zenuten ongiarekin loturarik.

21 Eta zer fruitu izan zenuten orduan? Orain lotsa ere ematen dizue orduko hark, ondorioa heriotza baitu.

22 Orain, ordea, bekatuaren menpetik askaturik eta Jainkoaren esklabo eginik, erabat Jainkoarenak izatea duzue fruitu, eta honek betiereko bizia du ondorio.

23 Bekatuak dakarren ordaina heriotza da; Jainkoak ematen digun dohaina, berriz, betiereko bizia, Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez eman zaiguna.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16