Hebrearrei 1 EAB

SARRERA (1,1-4)

Jainkoaren Semeak goi-agerpenari erabateko osotasuna eman

1 Askotan eta era askotara hitz egin zien antzina Jainkoak gure arbasoei profeten bidez;

2 azken egun hauetan, berriz, bere Semearen bidez hitz egin digu. Seme horrexen esku utzi ditu gauza guztiak, egin ere berorren bidez egin baitzuen mundua.

3 Bera da Jainkoaren aintzaren distira eta beronen izatearen irudia, eta berak eusten die gauza guztiei bere hitz ahaltsuaz, eta, bekatuen garbikuntza egin ondoren, Jainko handiaren eskuinaldean eseri da zeru goienetan.

4 Eta aingeruak baino gehiago izatera iritsi da, ondaretzat jaso duen izena ere haiena baino askoz goragokoa denez gero.

KRISTO AINGERUEN GAINETIK (1,5—2,18)

Kristo Jainkoaren Seme

5 Izan ere, Jainkoak ez dio sekula inongo aingeruri esan: Nire semea zara zu, gaur zaitut nik sortu;eta beste hau ere ez: Aita izango nau hark ni, eta seme izango dut nik hura.

6 Jainkoak bere lehen-semea munduan sarraraztean, berriz, honela esaten du: Adora dezatela bera Jainkoaren aingeru guztiek.

7 Aingeruei buruz hau dio Jainkoak: Haizearen antzeko egiten ditu bere aingeruak, sugarraren antzeko bere zerbitzariak .

8 Baina bere Semeaz hau esaten du: Zure tronua, oi Jainko, betikoa da, zure erregetza zuzentasun-erregetza.

9 Zuzen dena izan duzu maite eta oker dena gorroto; horregatik, Jainkoak, zeure Jainkoak , gantzutu zaitu, jai-giro pozgarrian, lagunen artean aukeraturik.

10 Eta beste hau ere badio: Jauna, hasieratik sendo ezarri zenuen lurra, zure eskuek egina da zerua;

11 haiek galduko dira, baina zuk iraungo; jantzia bezala gastatuko dira,

12 soinekoa bezala tolestuko dituzu, jantzia bezala aldatuko. Zu, ordea, beti bera, zure urteak amaigabeak.

13 Jainkoak ez dio sekula inongo aingeruri esan: Eseri tronuan nire eskuinean: etsaiak oin-aulkitzat jarriko dizkizut.

14 Zer dira, bada, aingeru guztiak, Jainkoaren zerbitzura dauden espirituak, salbamena jaso behar dutenei laguntzera bidaliak, baizik?

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13