Hebrearrei 8 EAB

Kristo bete-beteko apaiz bere opariaz (8,1—9,28)

Apaizgo berria eta itun berria

1 Hau da esaten ari garenaren gailurra: hain handia da gure apaiz nagusia, ezen Jainko handiaren eskuinaldean eseria baitago zeruan,

2 eta bere apaiz-zerbitzua Jainkoak egindako benetako santutegian betetzen du, eta ez gizakiek egindako itun-etxolan.

3 Edozein apaiz nagusi emaitzak eta opariak eskaintzeko jarria dagoenez, Jesusek ere zerbait eskaini behar zuen.

4 Mundu honetan Jesus ez litzateke apaiz ere izango, hor baitaude Moisesen legearen arabera opariak eskaintzen dituzten apaizak.

5 Hauek egiten duten kultua, ordea, zeruko gauzen irudi eta itzal besterik ez da, Jainkoak Moisesi, etxola egiterakoan, agindu zionaren arabera: Izan arreta, dena mendian erakutsi zitzaizun ereduaren arabera egiteko.

6 Jesusek benetan kultu-zerbitzu askoz bikainagoa hartu du, itun bikainagoaren, agintzari bikainagoetan oinarrituaren, bitarteko baita.

Itun zaharraren baliogabetasuna

7 Izan ere, lehenengo ituna akatsik gabea izan balitz, ez zegokeen bigarren batentzat lekurik.

8 Baina Jainkoak haserre egin zion herriari, esanez: Jaunak dio: «Begira, badator Israel herriarekin eta Juda herriarekin itun berria egingo dudan garaia.

9 Itun hau ez da izango, Egiptotik ateratzeko eskutik hartu nituenean beraien arbasoekin egin nuena bezalakoa. Haiek hautsi egin zuten nire ituna, eta nik ere bertan behera utzi nituen. Hala diot nik, Jaunak.

10 Hona hemen etorkizunean Israelekin egingo dudan ituna: Buruan ezarriko dizkiet neure legeak, bihotzean idatziko; ni beraien Jainko izango naiz, eta haiek nire herri. Hala diot nik, Jaunak.

11 Ez dute elkarri irakatsi beharrik izango, “Ezagutu Jauna” esanez, guzti-guztiek, txiki nahiz handi, ezagutuko bainaute.

12 Barkatu egingo baitiet beren gaiztakeria, beraien bekatua ez dut gehiago gogoratuko».

13 Jainkoak, itun berria agintzean, aurrekoa zahartutzat ematen du, eta zaharkiturik dagoena desagertzear dago.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13