Hebrearrei 3 EAB

KRISTO APAIZ NAGUSI FIDAGARRI ETA ERRUKITSU (3,1—5,10)

Jesus eta Moises elkarrekin konparaturik

1 Horregatik, Jainkoak herri santuko kide egin eta zerurako deitu zaituztenok, begira iezaiozue Jesusi: bera da guk aitortzen dugun fedearen apostolu eta apaiz nagusi.

2 Fidagarria da benetan eginkizun horretarako izendatu duen Jainkoaren aurrean, Moises ere haren etxeko ziren israeldar guztientzat fidagarria izan zen bezalaxe.

3 Jesusek, izan ere, ohore handiagoa merezi du Moisesek baino, etxegileak etxeak berak baino ohore handiagoa merezi duen bezalaxe.

4 Edozein etxek du bere egilea; baina gauza guztien egilea Jainkoa da.

5 Moises fidagarria izan zen, noski, Jainkoaren etxeko guztientzat, baina Jainkoaren mezua herriari adierazi behar zion zerbitzari bezala.

6 Kristo, ordea, Jainkoaren etxeko nagusi ezarritako Seme bezala izan da fidagarri; etxe hori gu geu gara, baldin adoretsu eta harrotzeko geure bide dugun itxaropenean sendo irauten badugu.

Jainkoaren atseden-lekura sartzeko deia

7 Horregatik, Espiritu Santuak dioen bezala: Gaur Jaunaren mintzoa entzuten baduzue,

8 ez gogortu bihotzak, errebelde izan zinetenean bezala, tentaldi-egunean basamortuan bezala.

9-10 Han tentatu ninduten zuen arbasoek, ni aztertu nahirik, nik haien alde eginak berrogei urtez ikusi arren. Horregatik, belaunaldi hark gogait eragin zidan, eta esan nuen: «Bihotzez desleialak dira beti, nire bidetik ibili nahi ez dutenak».

11 Orduan, zin egin nuen haserre: «Ez, ez dira sartuko atsedenerako eman nien lurraldera».

12 Begira, senideok, ez dezala zuetako inork bihotz gaizto eta sinesgaberik izan, Jainko biziarengandik aldenduko duenik.

13 Bestela baizik, adore ezazue elkar egunero Liburu Santuak dioen gaur honek irauten duen arte; horrela, bekatuak ez du zuetako inor engainatu eta gogortuko.

14 Zeren Kristorekin partaide baikara, hasierako jarrerari azkeneraino sendo eusten badiogu,

15 esan zaigunaren arabera: Gaur Jaunaren mintzoa entzuten baduzue, ez gogortu bihotzak, errebelde izan zinetenean bezala.

16 Zein dira Jainkoaren mintzoa entzun eta beraren kontra errebelatu zirenok? Moisesek Egiptotik atera zituen haiek, noski.

17 Eta zeinek gogait eragin zioten Jainkoari berrogei urtez? Bekatu egin zutenek; eta, horregatik, hilda gelditu ziren basamortuan.

18 Eta nori zin egin zien Jainkoak ez zirela haren atsedenean sartuko? Obeditu ez ziotenei.

19 Garbi ikusten dugu, beraz, sinetsi ez zutelako gelditu zirela sartu gabe.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13