1 Horregatik, gero eta arreta handiagoa jarri behar dugu entzun dugun mezuan, bidetik oker ez gaitezen.
2 Zeren, aingeruen bitartez Jainkoak hots egin zuen mezua baliozko gertatu bazen eta beronen kontra huts egin eta desobeditu zioten guztiak Jainkoak arrazoiz zigortu bazituen,
3 nola alde egin guk zigorrari, horrenbesteko salbamen-bidea zabarkeriaz galtzen badugu? Izan ere, salbamen hau Jaunak berak hots egin zuen, eta hari entzun ziotenek baietsi digute gero.
4 Eta Jainkoak ere seinale, egintza harrigarri eta mirari-modu askoz eta bere nahiaren arabera banatu dizkigun Espiritu Santuaren dohainez baietsi du.
5 Orain aipatzen ari garen etorkizuneko mundu hau ez zuen Jainkoak aingeruen menpe jarri.
6 Liburu Santuetan, hain zuzen, hauxe esana du norbaitek: Zer da gizona, zu hartaz oroitzeko, zer gizakia, zu hartaz arduratzeko?
7 Ia aingeruen pareko egin duzu, ohorez eta aintzaz koroatu;
8 dena haren menpean jarri duzu.Beraz, Jainkoak gizakiaren menpean jarri badu dena, ez du ezer utzi haren menpe jarri gabe. Hala ere, ez dugu ikusten oraindik gauza guztiak gizakiaren menpe daudenik.
9 Baina ia aingeruen pareko egina izan zen Jesus hura ohorez eta aintzaz koroatua ikusten dugu, sufritu zuen heriotzagatik; horrela, Jainkoaren onginahiaz, gu guztion onerako jasan zuen berak heriotza.
10 Egoki zen, izan ere, Jainkoak, gauza guztien sorburu eta jomuga denak, seme-alaba guztiak bere aintzara eraman nahirik, Jesus, haiek salbamenera gidatuko zituen burua, oinazeen bidez bete-betekoa bihurtzea.
11 Izan ere, bai santu egiten duen Jesusek, bai honek santu egiten dituenek, Aita bera dute denek; horregatik, Jainkoaren Semeari ez dio lotsarik ematen hauei senide deitzeak,
12 Liburu Santuak dioenez: Hitz egingo diet zutaz neure senideei, goretsiko zaitut batzarraren erdian.
13 Beste hau ere badio: Jainkoarengan jarriko dut nik konfiantza.Baita ere: Hona ni eta hona Jainkoak eman dizkidan haurrak.
14 Familia bateko seme-alabak haragi eta odol bereko diren bezala, horrelaxe hartu zuen parte Jesusek ere gizakiaren haragi-odoletan, heriotzaren nagusi den deabrua heriotzaren bitartez indargabetzeko,
15 eta heriotzaren beldurrez beren bizitza osoan esklabo bezala bizi zirenei askatasuna emateko;
16 hura ez baitzen, noski, aingeruei laguntzera etorri, Abrahamen jatorrikoei baizik.
17 Horretarako, erabat bere senideen antzeko egin beharra zeukan, apaiz nagusi errukitsu eta Jainkoari dagozkionetan fidagarri izateko, herriaren bekatuak barkatzeko gai.
18 Bera ere nekeetan probatua izan delako, gauza da orain probaldian daudenei laguntzeko.