Joan 12 EAB

Emakume batek Jesus ukenduz igurtzi

1 Pazkoa baino sei egun lehenago, Jesus Betaniara joan zen, han bizi baitzen Lazaro, hildakoen artetik piztu zuena.

2 Afari bat eskaini zioten han; Marta ari zen afaria zerbitzatzen, eta Lazaro Jesusekin mahaian zeudenetariko bat zen.

3 Orduan, Mariak, nardo garbizko kilo erdi bat ukendu, balio handikoa, harturik, oinak igurtzi zizkion Jesusi, eta gero bere ile-adatsez xukatu. Etxea lurrin-usainez bete zen.

4 Judas Iskariotek, salduko zuen ikasleak, esan zuen:

5 «Zergatik ez da saldu ukendu hori hirurehun denariotan, eta behartsuei eman?»

6 Hori esan zuen, ez behartsuak axola zitzaizkiolako, lapurra zelako baizik, eta, diru-poltsa berak zuenez, hara botatzen zutenetik ostu egiten zuelako.

7 Jesusek esan zion: «Utzi bakean honi; nire hilobiratze-egunerako egin du hori.

8 Izan ere, behartsuak beti dituzue zeuen artean, baina ni ez nauzue betiko zeuekin».

Agintariek Lazaro hil nahi

9 Juduetariko askok jakin zuten Jesus Betanian zegoela, eta bertara joan ziren, ez Jesusengatik bakarrik, baita hildakoen artetik piztu zuen Lazaro ikusteagatik ere.

10 Apaizburuek, orduan, Lazaro ere hiltzea erabaki zuten,

11 berau zela eta, herritar askok alde egiten baitzien eta Jesusengan sinesten.

Jesus Jerusalemen sartu Mesias bezala

12 Biharamunean, jaietarako Jerusalemera etorria zen jendetza handia, Jesus zetorrela jakitean,

13 palma-adarrak harturik, bidera atera zitzaion, eta oihuka hasi: «Hosanna! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena! Bedeinkatua Israelen erregea!»

14 Eta Jesus, astotxo bat aurkiturik, gainean jarri zen, Liburu Santuak dioen bezala:

15 Ez beldur izan, Sion hiri eder! Hara, badatorkizu zeure erregea, astakume baten gainean eseria.

16 Haren ikasleak ez ziren orduan profezia honetaz jabetu, baina gero, Jesusen Jainko-aintza azaldu zenean, konturatu ziren Liburu Santuak zioen huraxe egin ziotela Jesusi.

17 Jesusek Lazaro hilobitik deitu eta hildakoen artetik piztu zuenean bertan zen jendeak gertatutakoaren berri ematen zuen.

18 Horregatik irten zitzaion hainbeste jende Jesusi bidera, egin zuen mirarizko seinalearen berri izan zuelako, hain zuzen.

19 Orduan, fariseuek zioten beren artean: «Argi dago ez dugula ezer ere aurreratzen; begira nola doakion jende guztia atzetik».

Greziar batzuek Jesus ikusi nahi

20 Jaietan Jainkoari kultu ematera joan zirenen artean baziren greziar batzuk.

21 Hauek Galileako Betsaidako Felipegana hurbildu eta eskabide hau egin zioten: «Jauna, Jesus ikusi nahi genuke».

22 Felipe Andresi esatera joan zen, eta biek, Andresek eta Felipek, Jesusi jakinarazi zioten.

23 Jesusek erantzun zien: «Iritsi da Gizonaren Semearen aintza azalduko den ordua.

24 Bene-benetan diotsuet: Gari-alea, lurrean sartu eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da; hiltzen bada, ordea, fruitu asko ematen du.

25 Bere bizia maite duenak galdu egingo du; baina mundu honetan bere bizia gutxiesten duenak betiko bizirako gordeko du.

26 Nire zerbitzari izan nahi duenak jarrai biezat eta, ni nagoen tokian, han izango da nire zerbitzaria ere. Nire zerbitzari dena Aitak ohoratu egingo du.

Jesus bere heriotzaren aurrean

27 «Larri dut orain neure barrua. Baina zer esan? Larrialdi honetatik ateratzeko eskatuko al diot Aitari? Ez horixe, honetarakoxe etorri bainaiz!

28 Aita, azaldu zeure aintza!»Ahots bat entzun zen orduan zerutik: «Azaldu dut, eta berriro ere azalduko dut».

29 Han zeudenetako batzuek, ahotsa entzunik, trumoia izan zela zioten; beste batzuek, ordea, aingeru batek hitz egin ziola.

30 Jesusek adierazi zuen: «Ahots horrek ez du niretzat hitz egin, zuentzat baizik.

31 Oraintxe da mundu honen epaiketa; oraintxe galduko du bere boterea mundu honetako buruzagiak.

32 Eta nik, lurretik jasoko nautenean, neuregana erakarriko ditut denak».

33 Hitz hauen bidez, nolako heriotzaz hilko zen adierazi zuen.

34 Jendeak honela esan zion:—Mesiasek betiko iraungo duela irakasten digute Liburu Santuek. Nola diozu, bada, zuk Gizonaren Semea lurretik jaso behar dutela? Nor da Gizonaren Seme hori?

35 Jesusek erantzun zien:—Oraindik pixka batean argia zeuen artean duzue; ibili argia duzuen bitartean, ilunpeak harrapa ez zaitzaten, ilunpetan dabilenak ez baitaki nora doan.

36 Argia duzuen bitartean, sinetsi argiari, argiaren partaide izan zaitezten.Gauza hauek esan ondoren, Jesus haiengandik alde egin eta ezkutatu egin zen.

Konklusioa: juduek sinetsi ez

37 Jesusek herriaren aurrean mirarizko hainbat seinale egin zuen arren, gehienek ez zuten harengan sinetsi;

38 horrela, Isaias profetak esana bete zen: Jauna, nork sinetsi du gure mezua? Eta nori agertu dio Jaunak bere ahalmena?

39 Isaiasek berak esan zuen zergatik ezin zuten sinetsi:

40 Itsutu egin ditu haien begiak, gogortu haien buru-bihotzak. Ez bezate beren begiez ikus, ezta buruaz ulertu ere, horrela niregana bihur ez daitezen eta salba ez ditzadan.

41 Isaiasek Jesusi buruz esan zuen hau, ikusia baitzuen beraren Jainko-aintza.

42 Halaz guztiz, askok, baita buruzagietakoek ere, sinetsi zuten harengan; baina, fariseuen beldurrez, ez zuten agerian aitortzen, judu-elkartetik bota ez zitzaten;

43 izan ere, giza ohorea maiteago zuten Jainkoarengandik datorrena baino.

44 Jesusek oihu eginez esan zuen: «Niregan sinesten duenak ez du niregan bakarrik sinesten, baita ni bidali nauenarengan ere.

45 Eta ni ikusten nauenak ni bidali nauena ere ikusten du.

46 Ni argia bezala etorri naiz mundura, niregan sinesten duenik inor ilunpeen menpe geldi ez dadin.

47 Nire irakatsiak entzun bai, baina betetzen ez dituena, ez dut nik gaitzetsiko, ez bainaiz mundua gaitzestera etorri, mundua salbatzera baizik.

48 Ni ukatu eta nire irakatsiak onartzen ez dituenak, badu nork gaitzetsi: nik adierazitako mezuak berak gaitzetsiko du azken egunean;

49 nik ez baitut neure kabuz hitz egin, baizik eta bidali nauen Aitak agindu dit zer esan eta irakatsi.

50 Eta badakit, bai, Aitaren aginduak betiko bizia dakarrena. Horrela, bada, nik esaten dudan guztia, Aitak agindu bezala esaten dut».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21