1 Jakin zuten fariseuek Joanek baino ikasle gehiago egin eta jende gehiago bataiatzen zuela Jesusek,
2 nahiz eta bataiatu, ez zuen Jesusek berak bataiatzen, haren ikasleek baino.
3 Jesus, hori jakitean, Judea utzi eta Galileara joan zen berriro.
4 Bere ibilbidean Samarian zehar iragan beharra zuen.
5 Iritsi zen, bada, Sikar izeneko Samariako hirira, antzina Jakobek bere seme Joseri ondaretzat emaniko lursailetik hurbil.
6 Han zegoen Jakoben putzua delakoa. Jesus, bideaz nekaturik, putzu-ertzean eseri zen. Eguerdi ingurua zen.
7-8 Ikasleak hirira joanak ziren janaria erostera. Hortan, Samariako emakume bat etorri zen putzura ur bila. Jesusek esan zion:—Emadazu edaten.
9 Orduan, emakume samariarrak esan zion:—Nola zuk, judu izanik, eskatzen didazu edatekoa niri, samariar naizen honi? (Jakin behar da juduek eta samariarrek ez dutela elkarrekin harremanik).
10 Jesusek erantzun zion:—Jainkoak ematen duena ezagutuko eta edatekoa nork eskatzen dizun jakingo bazenu, zeuk eskatuko zenioke berari, eta hark ur bizia emango lizuke.
11 Emakumeak esan zion:—Jauna, ez daukazu ura zerez atera, eta putzua sakona da. Nondik aterako duzu, beraz, ur bizi hori?
12 Geure aita Jakobek utzi zigun putzu hau eta bertatik edan zuten berak, beraren seme-alabek eta abereek. Hura baino handiagoa al zara zu?
13 Jesusek ihardetsi zion:—Ur honetatik edaten duena berriro ere egarri izango da;
14 nik emango diodan uretik edango duena, ordea, ez da sekula egarri izango; zeren nik emango diodan ura betiko bizia darion iturburu bihurtuko baitzaio barruan.
15 Orduan, emakumeak:—Jauna, emadazu ur horretatik, berriro egarri ez nadin, eta hona uretara etorri beharrik izan ez dezadan.
16 Jesusek esan zion:—Zoaz etxera, dei egiozu zeure senarrari eta itzuli hona.
17 Emakumeak erantzun:—Ez dut senarrik.Eta Jesusek:—Ongi diozu ez duzula senarrik;
18 bost izan dituzu, eta oraingoa ez duzu senarra; horretan egia diozu.
19 Emakumeak esan zion:—Jauna, profeta zarela ikusten dut.
20 Gure gurasoek mendi honetan eman zioten kultu Jainkoari; zuek, juduok, berriz, Jerusalemen eman behar zaiola diozue.
21 Jesusek esan zion:—Sinets iezadazu, emakume: badator ordua, ez mendi honetan, ez Jerusalemen, Aita adoratuko ez duzuena.
22 Zuek, samariarrok, ez dakizue zer adoratzen duzuen; guk badakigu zer adoratzen dugun, salbamena juduongandik baitator.
23 Baina badator ordua —hobeto esan, heldu da—, egiazko adoratzaileek Aita egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratuko dutena; horrela adora dezaten nahi du Aitak.
24 Jainkoa Espiritu da, eta hura adoratzen dutenek egiaren arabera eta Espirituak eraginda adoratu behar dute.
25 Emakumeak esan zion:—Badakit Mesias, Kristo alegia, etortzekoa dela, eta hark, etortzean, gauza guztiak agertuko dizkigula.
26 Jesusek esan zion:—Neu naiz, zurekin mintzo naizen hau.
27 Une hartan ikasleak iritsi eta harritu egin ziren Jesus emakume batekin hizketan ari zela ikustean; halere, inor ez zen ausartu galdetzera zer nahi zuen edo zertaz ziharduen emakumearekin.
28 Emakumeak suila utzi, hirira itzuli eta esan zion jendeari:
29 «Zatozte egin dudan guztia esan didan gizon bat ikustera. Ez ote da bera Mesias izango?»
30 Jendea hiritik irten eta Jesusengana joan zen.
31 Bien bitartean, erreguka ari zitzaizkion ikasleak, esanez:—Maisu, jan zerbait.
32 Baina berak esan zien:—Badut nik beste janari bat, zuek ez dakizuena.
33 Ikasleek galdetu zioten elkarri:—Norbaitek ekarri ote dio jatekoa?
34 Jesusek esan zien:—Nire janaria, bidali nauenaren nahia egitea da, haren salbamen-egintza burutu arte.
35 Ez al duzue esaten zuek: «Lau hilabete barru uztaroa dugu?» Horra, bada, nik esan: Jaso begiak eta ikusi gari-soroak, uztarako horituak.
36 Dagoeneko igitaria bere saria hartzen ari da, eta betiko bizirako fruitua jasotzen, nola ereilea, hala igitaria, biak poz daitezen.
37 Honetan bai betetzen dela esaera: «Batek erein, bestek uzta bildu».
38 Zeuek landu ez duzuena biltzera bidali zaituztet nik; besteak nekatu dira lanean, eta zuek jasotzen duzue haien nekearen fruitua.
39 Hiri hartako samariar askok sinetsi zuen Jesusengan emakumeak emandako testigantzagatik: «Egin dudan guztia esan dit».
40 Beraz, samariarrek, Jesusengana etorri zirenean, beraiekin gelditzeko eskatu zioten Jesusi, eta bi egunez egon zen han.
41 Jesusen mezua entzutean, askoz gehiagok sinetsi zuten,
42 eta emakumeari esaten zioten: «Orain ez dugu zure esanarengatik bakarrik sinesten; geuk entzun dugu, eta badakigu, egiaz hauxe dela munduaren Salbatzailea».
43 Bi egunen buruan, handik irten eta Galilearantz jarraitu zuen.
44 Jesusek berak aitortua zuen profeta ez dutela bere herrian aintzat hartzen.
45 Halere, Galileara iritsi zenean, galilearrek harrera ona egin zioten. Izan ere, Jerusalemen izanak ziren beraiek ere Pazko-jaietan, eta ikusia zuten Jesusek orduan egindako guztia.
46 Jesus Galileako Kanara joan zen berriro, ura ardo bihurtu zuen herrira. Bazen han errege-funtzionario bat, semea Kafarnaumen gaixorik zuena.
47 Funtzionarioak, Jesus Judeatik Galileara heldu zela jakitean, harengana jo eta bere semea sendatzera Kafarnaumera jaisteko eskatu zion, hilzorian zegoela eta.
48 Jesusek erantzun zion:—Mirariak eta egintza harrigarriak ikusten ez badituzue, ez duzue sinesten.
49 Baina errege-funtzionarioak, berriro:—Jauna, zatoz, arren, nire haurra hil baino lehen.
50 Jesusek esan zion:—Zoaz etxera, semea onik duzu eta.Gizonak sinetsi egin zuen Jesusek esandakoa eta joan egin zen.
51 Etxera bidean, morroiak atera zitzaizkion bere semea onik zuela esatera.
52 Orduan, oneratzen zer ordutan hasi zen galdegin zien. Eta haiek erantzun:—Atzo eguerdiko ordu batean alde egin zion sukarrak.
53 Ohartu zen aita ordu hartan esan ziola Jesusek: «Onik duzu semea», eta sinetsi egin zuten Jesusengan berak eta etxeko guztiek.
54 Bigarren mirarizko seinale hau Judeatik Galileara itzultzean egin zuen Jesusek.