Joan 17 EAB

Jesusek sinestedunen alde otoitz egin

1 Honela mintzatu ondoren, Jesusek begiak zerurantz jaso eta esan zuen: «Aita, heldu da ordua. Azal ezazu zeure Semearen aintza, Semeak zure aintza azal dezan.

2 Gizon-emakume guztien gain aginpidea eman diozunez gero, berak betiko bizia eman diezaiela zuk berari emandakoei.

3 Honetan azaltzen da betiko bizia: zu, egiazko Jainko bakar hori, eta zuk bidalitako Jesus Mesias ezagutzean.

4 «Nik zure aintza azaldu dut munduan, zuk eman zenidan egitekoa betez.

5 Orain, Aita, emadazu aintza zeure ondoan, eman mundua mundu izan baino lehen zure ondoan nuen aintza.

6 Eman diet zure berri mundutik bereizi eta eman zenizkidan gizon-emakumeei. Zureak ziren, zuk neuri eman zenizkidan, eta hauek onartu dute zure mezua.

7 Badakite orain zuk eman didazun guztia zuregandik datorrela.

8 Niri eman dizkidazun irakatsiak eman dizkiet nik, eta hauek onartu egin dituzte. Eta benetan dakite zuregandik etorri naizela, baita sinetsi ere zuk bidali nauzula.

9 «Hauen alde erregutzen dut; ez dut munduaren alde erregutzen, zuk eman dizkidazunon alde baizik, zureak direlako;

10 daukadan guztia zurea da eta zurea nirea; eta hauengan azaldu da nire aintza.

11 «Ez naiz aurrerantzean munduan egongo; hauek, ordea, bai, munduan jarraituko dute. Ni zuregana noa. Aita santu horrek, zaindu zeure ahalmenaz zuk eman dizkidazunok, bat izan daitezen gu geu bat garen bezala.

12 Hauekin izan naizen bitartean, neuk zaindu ditut eman dizkidazunok. Hauen ardura izan dut eta hauetako bat ere ez da galdu, galdu behar zuena baizik; horrela, Liburu Santuek diotena bete da.

13 Orain, ordea, zuregana noa. Hau guztia, oraindik munduan nagoela esaten dut, nire poza berengan izan dezaten, eta bete-betea izan ere.

14 «Zure mezua adierazi diet nik; baina munduak gorroto die, mundukoak ez direlako, neu ere mundukoa ez naizen bezala.

15 Ez dizut eskatzen mundutik ateratzeko, Gaiztoarengandik babesteko baizik.

16 Ez dira mundukoak, neu ere mundukoa ez naizen bezala.

17 Har itzazu zeuretzat egiaren bidez: zure mezua egia da.

18 Mundura bidali ditut, zuk bidali ninduzun bezala.

19 Eta hauengatik ematen dizut erabat neure burua, hauek ere egiaren bidez zeuretzat har ditzazun.

20 «Ez dut erregutzen hauen alde bakarrik, baita berauen predikuaren bidez niregan sinetsiko dutenen alde ere.

21 Egizu guztiak bat izan daitezela. Aita, zu nirekin eta ni zurekin biok bat garen bezala, hauek ere bat izan daitezela gurekin. Horrela, munduak sinetsiko du zuk bidali nauzula.

22 Zuk eman zenidan aintza bera eman diet nik, bat izan daitezen, gu biok bat garen bezala:

23 ni hauekin bat eta zu nirekin bat. Horrela, guztiz bat izango dira, eta munduak ezagutu ahal izango du zuk bidali nauzula eta ni neu maitatu nauzun bezala maitatu dituzula berauek ere.

24 Aita, zuk eman dizkidazunak ni nagoen lekuan nirekin egotea nahi dut, nire aintza, mundua sortu aurretik maite izan nauzulako eman didazun aintza, ikus dezaten.

25 «Aita zuzen hori, munduak ez zaitu ezagutu; nik, ordea, ezagutu zaitut, eta hauek jakin dute zuk bidali nauzula.

26 Zu nor zaren jakinarazi diet, eta aurrerantzean ere jakinaraziko, zuk didazun maitasuna hauengan izan dadin, eta ni neu ere hauengan izan nadin».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21