Joan
Kapituluak 13:12-18
Elizen Arteko Biblia
12Oinak garbitu zizkienean, soingainekoa jantzi, berriro mahaian eseri eta esan zien: «Ulertzen duzue egin dizuedana?
13Zuek Maisu eta Jauna deitzen didazue, eta arrazoi duzue, halaxe bainaiz.
14Beraz, nik, Jauna eta Maisua naizen honek, zuei oinak garbitu badizkizuet, zuek ere garbitu oinak elkarri.
15Ikasbide eman dizuet, zuek ere, nik zuekin bezalaxe, joka dezazuen.
16«Bene-benetan diotsuet: Ez da morroia nagusia baino handiago, ezta bidalia ere bidaltzailea baino handiago.
17Ulertzen duzue hau, ezta? Bada, zorionekoak izango zarete, betetzen baduzue.
18«Ez naiz zuek guztiotaz ari; badakit, bai, zein aukeratu ditudan, baina bete beharra du Liburu Santuak dioen honek: Neure mahaikide nuena kontra altxatu zait.