Joan
Kapituluak 13:2-3-9
Elizen Arteko Biblia
2-3Deabruak Simon Iskarioteren seme Judasi sartua zion buruan Jesus saltzeko asmoa. Jesusek bazekien dena bere esku jarri ziola Aitak, eta Jainkoarengandik etorria zela eta Jainkoarengana zihoala. Afaltzen ari zela,
4mahaitik jaiki, soingainekoa erantzi eta, eskuzapia harturik, gerrian lotu zuen.
5Ondoren, ura konketara bota eta ikasleei oinak garbitzen hasi zen, eta gerrian zuen eskuzapiaz lehortzen.
6Simon Pedrorengana iritsi zenean, honek esan zion:—Jauna, zuk niri oinak garbitu?
7Jesusek erantzun zion:—Ni egiten ari naizena zuk ez duzu orain ulertzen, geroago ulertuko duzu.
8Pedrok, berriro:—Zuk ez didazu sekula niri oinik garbituko.Jesusek erantzun:—Garbitzen ez bazaitut, ez duzu nirekin zerikusirik izango.
9Simon Pedrok esan zion:—Jauna, orduan, oinak ez ezik, eskuak eta burua ere bai.