19 Pilatok kartel bat idatzi eta gurutze gainean ezarri zuen. Hau zegoen idatzia: «Jesus Nazaretarra, juduen erregea».
20 Judu askok irakurri zuen kartela, hiritik hurbil baitzegoen Jesus gurutziltzatu zuten lekua; gainera, hebreeraz, latinez eta grekoz zegoen idatzia.
21 Juduen apaizburuek esan zioten Pilatori:—Ez idatzi «juduen erregea», «juduen erregea dela dioena» baizik.
22 Pilatok erantzun zuen:—Idatzitakoa idatzia bego.
23 Soldaduek, Jesus gurutziltzatu ondoren, haren jantziak hartu eta lau zati egin zituzten, bakoitzarentzat bana; gero tunika hartu zuten, baina josturarik gabea zenez, goitik behera ehundua,
24 akordio hau hartu zuten: «Ez dezagun urra; zotz egin dezagun ea zeini egokitzen zaion». Honela, Liburu Santuak dioena bete zen: Nire jantziak banatzen dituzte, nire tunika zotz egiten.Hain zuzen ere, horixe egin zuten soldaduek.
25 Jesusen gurutzearen ondoan zeuden haren ama, amaren ahizpa, Maria Kleofasen emaztea, eta Magdalako Maria.