1 Jesusek, bere hamabi ikasleei dei eginik, ahalmena eman zien espiritu gaiztoak botatzeko eta gaitz eta eritasun guztiak sendatzeko.
2 Hona hemen hamabi apostoluen izenak: lehenbizi Simon -Pedro deritzana- eta haren anaia Andres; Santiago Zebedeorena eta haren anaia Joan;
3 Felipe eta Bartolome; Tomas eta Mateo, zergalaria; Santiago Alfeorena eta Tadeo;
4 Simon Zelote eta Judas Iskariote, Jesus saldu zuena.
5 Hamabiok bidali zituen Jesusek, oharpen hauek eginez: «Ez joan jentilen lurraldeetara, ez sartu Samaria herrialdean ere,
6 baizik eta joan Israel herriko ardi galduengana.
7 Bidez zoaztela, hots egin Jainkoaren erregetza gainean dela.
8 Senda itzazue gaixoak, piztu hildakoak, garbitu legendunak, bota deabruak. Doan hartu duzue, eman doan.
9 «Ez eraman urrerik, ez zilarrik, ez dirurik gerrikoan,
10 ez zakutorik biderako, ez soinekorik aldatzeko, ez oinetakorik, ezta makilarik ere, zor baitzaio langileari behar duen janaria.
11 «Edozein herri edo auzotara iristen zaretela, jakizue ba ote den konfiantzako inor zuek etxean hartzeko, eta geldi zaitezte harenean herri hartatik atera arte.
12 «Etxe batean sartzean, esan: «Bakea zuekin»;
13 etxekoak duin badira, hel bekie zuen bakea; duin ez badira, berriz, gal bedi hutsean zuen agurra.
14 «Onartzen ez bazaituztete eta zuen mezua entzun nahi ez, etxe edo herri hartatik ateratzean, astindu zeuen oinetako hautsa.
15 Benetan diotsuet: Auzi-egunean, Sodomak eta Gomorrak zigor bigunagoa izango dute herri hark baino.
16 «Hara, ardiak otso artera bezala bidaltzen zaituztet. Izan zaitezte, bada, sugeak bezain zuhur eta usoak bezain xalo.
17 «Kontuz jendearekin! Auzitegi eta sinagogetara eramango zaituztete eta zigortu egingo;
18 agintari eta erregeen aurrera eramango zaituztete niregatik, eta aitorpen egingo duzue haien eta jentilen aurrean.
19 Eramango zaituztetenean, ez egon zer eta nola esango duzuen kezkatan: une hartan bertan adieraziko dizue Jainkoak zer esan;
20 ez zarete zuek mintzatuko, zuen Aitaren Espiritua mintzatuko da zuen bidez.
21 «Anaiak anaia emango du heriotzara, eta aitak semea; seme-alabak gurasoen kontra altxatuko dira eta hil egingo dituzte.
22 Mundu guztiak gorroto izango dizue niregatik; baina azkeneraino sendo irauten duena, horixe izango da salbatua.
23 Herri batean pertsegitzen bazaituztete, egin ihes beste batera. Benetan diotsuet: Gizonaren Semea etorri aurretik, ez dituzue Israelgo herri guztiak igaroko.
24 «Ikaslea ez da irakaslea baino gehiago, ezta morroia ere nagusia baino gehiago.
25 Aski du ikasleak irakaslea adina izatea, eta morroiak nagusia adina. Etxejaunari Beeltzebul esan badiote, zer ez ote esango haren etxekoei?
26 «Ez izan jendearen beldur! Izan ere, ez dago ezer gordeta agertuko ez denik, ezta ere ezer ezkutuan jakingo ez denik.
27 Gau-ilunez esaten dizuedana, esan zuek egun-argiz; eta belarrira entzuten duzuena, hots egin etxe-gainetatik.
28 Ez izan beldurrik gorputza hil bai, baina bizia hondatu ezin dutenei; izan beldur, gorputza ez ezik, pertsona osoa infernuan honda dezakeenari.
29 «Ez ote dira bi txori sos batean saltzen? Hala ere, ez da bat bakarra ere lurrera erortzen zuen Aitaren baimenik gabe.
30 Zuen buruko ileak ere denak zenbatuak dauzka Jainkoak.
31 Ez izan, bada, beldur: zuek txori guztiek baino gehiago balio duzue.
32 «Jendearen aurrean aitortzen nauena aitortuko dut nik ere Aita zerukoaren aurrean;
33 baina jendearen aurrean ukatzen nauena ukatu egingo dut nik ere zeruko Aitaren aurrean.
34 «Ez pentsa munduari bakea ekartzera etorria naizenik; bakea ez, baina banaketa ekartzera etorria naiz.
35 Bai, semea aitarengandik, alaba amarengandik eta erraina amaginarrebagandik banatzera etorri naiz.
36 Eta nork bere etxekoak izango ditu etsai.
37 «Aita nahiz ama ni baino maiteago duena ez da niretzat gai; semea nahiz alaba ni baino maiteago duena ez da niretzat gai.
38 Bere gurutzea hartu eta jarraitzen ez didana ez da niretzat gai.
39 Bere biziaren jabe izan nahian dabilenak galdu egingo du; bere bizia niregatik galtzen duenak, ordea, eskuratu egingo du.
40 «Zuek onartzen zaituztenak neu onartzen nau, eta ni onartzen nauenak bidali nauena onartzen du.
41 Profeta bat profeta delako onartzen duenak profetari zor zaion saria jasoko du; eta gizon zuzen bat zuzena delako onartzen duenak gizon zuzenari zor zaion saria jasoko du;
42 eta txiki hauetako bati, nire ikasle delako, ontzixka bat ur fresko besterik ez bada ere ematen diona, benetan diotsuet ez dela saririk gabe geldituko».