Mateo 3 EAB

Jesus Joanek iragarria eta bataiatua.

Joan Bataiatzaileak Jesusen etorrera hots egin

1 Garai hartan agertu zen Joan Bataiatzailea Judeako basamortuan honela hots eginez:

2 «Bihozberri zaitezte, gainean baituzue Jainkoaren erregetza».

3 Joan honi buruz esan zuen, hain zuzen, Isaias profetak: Ahots bat oihuka ari da basamortuan: Prestatu bidea Jaunari, zuzendu bidexkak hari.

4 Joanek gamelu-ilezko jantzia zuen soineko eta larruzko uhala gerriko, eta matxinsaltoak eta basaeztia zituen janari.

5 Jerusalem hiriko, Judea osoko eta Jordan inguru guztiko jendea harengana joaten zen,

6 eta, beren bekatuak aitortzen zituztela, Joanek bataiatu egiten zituen Jordan ibaian.

7 Fariseu eta saduzear askori, bataiatzera zetozela ikustean, honela esan zien Joanek: «Sugekumeok! Nork esan dizue gainean duzuen haserre-zigorrari ihes egingo diozuela?

8 Ager ezazue zeuen jokabideaz bihozberrituak zaudetela,

9 eta ez pentsa nahikoa duzuenik “Abrahamen ondorengo gara” esatea. Egia esan, honako harri hauetatik ere atera ditzake Jainkoak Abrahamen ondorengoak.

10 Prest dago aizkora zuhaitza hondotik jotzeko: fruitu onik ematen ez duen zuhaitz oro moztu eta sutara botako da.

11 Nik urez bataiatzen zaituztet bihozberri zaitezten; baina nire ondoren datorrena ni baino ahaltsuago da, eta ni ez naiz inor hari oinetakoak eranzteko ere; horrek Espiritu Santuaz eta suz bataiatuko zaituzte.

12 Eskuan dauka sardea, eta garia garbitzera doa: alea mandioan jasoko du; lastoa, ordea, inoiz itzaliko ez den sutan erreko».

Jesus bataiatua

13 Jesus Galileatik Jordanera etorri zen, Joanengana, honek bataia zezan.

14 Joanek ez zion utzi nahi eta esan zion:-Neu naiz zuk bataiatu beharrekoa, eta zu zatoz niregana?

15 Baina Jesusek erantzun zion:-Uztazu orain, honela bete behar baitugu osoki Jainkoaren nahia.Orduan, amore eman zuen Joanek.

16 Bataiatu eta berehala, Jesus uretatik irten zen. Hortan, zerua zabaldu zen, eta Jainkoaren Espiritua ikusi zuen Jesusek uso-tankeran jaisten eta beregana etortzen.

17 Eta mintzo hau etorri zen zerutik: «Hau da nire Semea, nire maitea; berau dut atsegin».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28