6 Eta zu, Judako Belen, ez zara, ez, Judako hirietan txikiena; zuregandik aterako baita buruzagia, Israel nire herria gobernatuko duena .
7 Orduan, Herodesek, jakintsuak isilean deiturik, izarra noiz agertu zitzaien jakin zuen zehatz.
8 Gero, Belenera bidali zituen, esanez: «Zoazte eta jakin xuxen haurraren berri eta, aurkitu ondoren, adierazi niri, neu ere gurtzera joan nadin».
9-10 Erregearen hitz hauek entzunik, abiatu egin ziren. Bidean, sortaldean ikusitako izarra agertu zitzaien eta biziki poztu ziren. Izarra aurretik joan zitzaien, haurra zegoen toki gainean gelditu arte.
11 Etxean sarturik, haurra ikusi zuten Maria bere amarekin eta, ahuspezturik, gurtu; ondoren, beren kutxatilak zabalduz, esku-erakutsiak eskaini zizkioten: urrea, intsentsua eta mirra.
12 Gero, Herodesengana ez itzultzeko oharra ametsetan harturik, beste bide batetik itzuli ziren beren herrialdera.
13 Jakintsuek alde egin ondoren, Jaunaren aingerua agertu zitzaion ametsetan Joseri eta esan zion: «Jaiki, hartu haurra eta ama, eta zoaz ihesi Egiptora. Egon han nik esan arte, haurraren bila ibiliko baita Herodes, hilarazteko».