20 Pilatu zeruan zeuen aberastasunak, han ez baititu ez sitsak, ez herdoilak jaten, ezta lapurrak harrapatzera joaten ere.
21 Zeren, zure aberastasuna non, zure bihotza han.
22 «Begia da gorputzari argi egiten dion kriseilua. Begia onik baduzu, zure gorputz osoa argitan ibiliko da.
23 Begia gaixo baduzu, ordea, zure gorputz osoa ilunpetan ibiliko da. Beraz, zeure barruan argi behar lukeena iluna bada, a zer ilunpea zurea!
24 «Ezin da inor bi nagusiren morroi izan; izan ere, bata gorroto izango du eta bestea maite, edota batari men egingo dio eta bestea begitan hartuko. Ezin zaitezkete Jainkoaren eta diruaren morroi izan.
25 «Horregatik diotsuet: Ez kezkatu bizitzeko zer jan edo edango, edota gorputza zerez jantziko. Ez ote da bizia janaria baino gehiago, eta gorputza jantzia baino gehiago?
26 Begira aireko hegaztiei: ez dute ereiten, ez uztarik biltzen, ez mandioan pilatzen; hala ere, zeruko zuen Aitak janaritzen ditu. Ez ote duzue horiek baino askoz gehiago balio zuek?