1 Pertsiako errege Ziroren lehen urtean, Jeremias profetaren ahoz iragarritakoa bete zuen Jaunak. Eta berak eraginda, Pertsiako errege Zirok hitzez eta idatziz bere erreinu osoan agindu hau zabaldu zuen:
2 «Honela agintzen du Pertsiako errege Zirok: Lurreko erreinu guztiak eman dizkit Jaunak, zeruetako Jainkoak, eta Judako Jerusalemen berari tenplua eraikitzeko agindu dit.
3 Beraz, zuen artean haren herriko diren guztiak igo bitez, Jainkoa lagun, Judako Jerusalemera eta han dagoen Jaunari, Israelgo Jainkoari, eraiki biezaiote etxea.
4 Bizirik gelditu diren eta itzuli nahi duten israeldarrei lagun biezaie inguruko jendeak; eman biezazkie zilarra, urrea, ondasunak, abereak eta nork bere borondatezko opariak, Jerusalemen dagoen Jainkoaren etxerako».
5 Orduan, ateratzeko prestatu ziren Judaren eta Benjaminen familietako buruak, apaizak eta lebitarrak, hots, Jerusalemen dagoen Jaunaren etxea eraikitzera joateko Jainkoak bultzaturiko guztiak.
6 Auzokoek eskuzabal lagundu zieten, eta zilar eta urrezko ontziak, ondasunak, abereak eta bitxi ederrak eman zizkieten, nork bere borondatez eskainitakoaz gainera.
7 Ziro erregeak, bere aldetik, itzuli egin zituen Jaunaren etxeko ontziak, Nabukodonosorrek Jerusalemdik hartu eta bere jainkoen etxean ipinitakoak.
8 Mitridates altxorzainaren esku utzi zituen, eta honek zenbatu eta Xexbatzar Judako gobernariari eman zizkion.
9 Hona hemen zerrenda: urrezko 30 ontzi, zilarrezko 1.000 plater, 29 labana,
10 urrezko 30 kopa, bigarren mailako zilarrezko 410 kopa eta beste 1.000 ontzi.
11 Guztira, urre eta zilarrezko 5.400 ontzi.Hori guztia eraman zuen Xexbatzarrek, erbesteratuak Babiloniatik Jerusalemera itzuli zirenean.