1 Zazpigarren hila iritsi zenean, israeldarrak jadanik beren hirietan zeudelarik, herri guztia gizon bakar bat bezala bildu zen Jerusalemen.
2 Orduan, Jotzadaken seme Josuek, bere ahaide apaizekin, eta Xealtielen seme Zorobabelek, bere ahaideekin, Israelgo Jainkoaren aldarea eraiki zuten, erre-opariak eskain zitezen, Jainkoaren gizon Moisesen legean idatzia dagoenez.
3 Bertako jendearen beldur baziren ere, lehengo zimentarrien gainean eraiki zuten eta erre-opariak eskaini zizkioten Jaunari goiz eta arratsalde.
4 Gero, Etxola Jaiak ospatu zituzten agindua dagoenez: egunean eguneko erre-opariak eskaini zituzten.
5 Orduz geroztik, erre-opariak eskaintzen jarraitu zuten: egunerokoak, ilberrietakoak, Jaunari sagaraturiko egunetakoak eta nork bere borondatez eskainitakoak.
6 Zazpigarren hilaren lehen egunean hasi ziren Jaunari erre-opariak eskaintzen, Jaunaren tenpluaren oinarriak oraindik ere jarri gabe egon arren.
7 Lanerako harginak eta arotzak hartu zituzten; baita sidondarrak eta tiroarrak ere, jan-edari eta olioaren truke, Libanotik Jafara itsasoz zedro-zura ekar zezaten. Pertsiako errege Ziroren baimenarekin egin zuten hori guztia.
8 Jerusalemera, Jainkoaren etxera, itzuli ondoko bigarren urteko bigarren hilean ekin zioten lanari Xealtielen seme Zorobabelek eta Jotzadaken seme Josuek, beren apaiz-ahaideekin, lebitarrekin eta gatibualditik Jerusalemera etorriekin; Jaunaren etxeko lanen arduradun hogei urtez gorako lebitarrak jarri zituzten.
9 Josue, beronen seme eta ahaide Kadmiel, Binui eta Hodabiasek elkarrekin zuzentzen zituzten Jaunaren etxeko lanak; orobat Henadaden seme eta ahaide lebitarrek ere.
10 Etxegileek Jaunaren tenpluko zimentarriak jarri zituztenean, han aurkeztu ziren apaizak beren jantzi eta turutekin, eta Asafen ondorengo lebitarrak txilinekin, Jauna gorestera, Israelgo errege Davidek agindu bezala.
11 Jaunari gorespenak eta eskerrak ematerakoan, honela erantzuten zioten elkarri: «Ona baita, haren maitasuna Israelentzat betikoa!» Eta herri osoak pozez oihuka eta irrintzika goresten zuen Jauna, honen etxearen zimentarriak jartzen ari zirelako.
12 Lehengo etxea ezagutu zuten apaiz, lebitar eta familiaburu zaharrenetako askok zotinka ziharduen negarrez, beren begi aurrean tenplu berriaren zimentarriak jartzen ari ziren bitartean; beste asko, berriz, oihuka eta irrintzika ari ziren, pozaren pozez.
13 Inor ere ez zen gauza poz-oihuak eta negar-hotsa bereizteko; urrutitik ere entzuterainokoa baitzen jendearen zarata-hotsa.