Esdras 5 EAB

Jainkoaren etxea eraikitzen

1 Aldi hartan, bi profeta, Ageo eta Idoren seme Zakarias, Juda eta Jerusalemgo juduei hitz egiten hasi ziren, beren Jaun Israelgo Jainkoaren izenean.

2 Orduan, Xealtielen seme Zorobabel eta Jotzadaken seme Josue Jainkoaren etxea eraikitzen hasi ziren Jerusalemen, Jainkoaren profetek, adore emanez, laguntzen zietela.

3 Baina berehala etorri zitzaizkien Tatenai, Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernaria, Xetar-Boznai eta hauen funtzionario-lagunak, esatera: «Nork eman dizue etxe hau eraikitzeko eta horma horiek jasotzeko baimena?

4 Etxegintzan ari direnen izenak eman behar dizkiguzue».

5 Baina Jauna erne zegoen juduen arduradunak zaintzeko eta ez zizkieten lanak geldiarazi, harik eta Dariogana txostena bidali eta honen erantzuna jaso arte.

Dariori gutuna juduak salatuz

6 Hona hemen Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernari Tatenaik, Xetar-Boznaik eta hauen funtzionario-lagunek Dario erregeari bidali zioten gutuna.

7 Honela zioen:«Dario erregeari, bakea!

8 «Jakin beza erregeak Judako eskualdera joan garela, eta han Jainko handiaren etxea harlanduz eraikitzen eta hormak zurez estaltzen ikusi ditugula. Arreta handiz dihardute lanean eta asko ari dira aurreratzen.

9 Galdetu diegu arduradunei ea nork eman dien etxea eraiki eta hormak jasotzeko baimena.

10 Gainera, beren izenak eskatu dizkiegu, buru dituztenenak idatziz hartu eta zuri jakinarazteko.

11 Eta hona zer erantzun diguten: “Zeru-lurren Jainkoaren zerbitzari gara, eta haren etxea ari gara jasotzen. Duela urte asko Israelgo errege handi batek eraiki eta bukatu zuen etxea;

12 baina gure gurasoek zeruetako Jainkoa haserrarazi zutelako, Babiloniako errege Nabukodonosor kaldearraren esku utzi zituen; etxe hau hondatu eta gatibu eraman zuen herria Babiloniara.

13 Babiloniako errege Zirok, ordea, bere erregealdiaren lehen urtean, Jainkoaren etxea berriro eraikitzeko agindu zuen.

14 Horrez gainera, itzuli egin zituen urre eta zilarrezko ontziak, Nabukodonosorrek Jerusalemgo tenplutik kendu eta Babiloniako jauretxera eramandakoak; Babiloniako jauretxetik atera eta gobernari izendatu zuen Xexbatzar zeritzon gizon bati eman zizkion.

15 Ontzi haiek hartu eta Jerusalemgo tenplura eramateko esan zion eta Jainkoaren etxea lehengo toki berean eraikitzeko.

16 Orduan, Xexbatzar Jerusalemera etorri zen eta Jainkoaren etxearen oinarriak jarri zituen. Harrezkero, etxea eraikitzen ari gara, eta oraindik ez dugu bukatu”.

17 Orain, bada, erregeak ongi baderitzo, azter bezate Babiloniako errege-artxiboan, Jerusalemen Jainkoaren etxe hau eraikitzeko agindua Zirok eman zuen ala ez; eta eman guri erregeak erabakiaren berri».

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10