Esdras 10 EAB

Emakume atzerritarrak urrundu

1 Esdras, ahuspezturik eta negarrez, Jainkoaren etxearen aurrean otoitzean eta bekatuen aitormen hau egiten ari zela, israeldar talde handi bat —gizon, emakume eta haur— bildu zen harengana; negar batean zeuden denak.

2 Orduan, Xekanias, Elamen ondorengo Jehielen semea, honela mintzatu zitzaion Esdrasi: «Ez dugu leial jokatu geure Jainkoarekin, lurralde honetako emakume atzerritarrekin ezkonduz. Hala ere, bada oraindik itxaropenik Israel herriarentzat.

3 Hitzeman diezaiogun Jainkoari, emazte atzerritar guztiak eta haiengandik izandako seme-alabak bidali egingo ditugula, zuk eta gure Jainkoaren aginduei begirune diezuenok nahi bezala. Bete dadila legea!

4 Jaiki zaitez, arazo hau zeure gain hartu behar baituzu. Zeurekin gaituzu; ekin, beraz, kementsu!»

5 Jaiki zen Esdras eta apaizen, lebitarren eta Israel osoaren buruzagiei esana beteko zutela zin egiteko eskatu zien, eta haiek zin egin zuten.

6 Esdras Jainkoaren etxe aurretik Eliaxiben seme Johananen gelara joan zen, eta bertan eman zuen gaua. Ez zuen ezer jan, ez edan, erbestetik etorritakoen desleialtasunak nahigabeturik.

7 Ondoren, erbestetik itzulitako guztiak Jerusalemera bil zitezela aldarrikatu zuten Judan eta Jerusalemen.

8 Eta agintariek erabakitako hiru eguneko epean etortzen ez zenari, zigor gisa, ondasun guztiak kenduko zitzaizkion Jaunari sagaratzeko, eta erbestetik itzulitakoen elkartetik bota egingo zuten.

9 Hirugarren egunerako, bada, Judaren eta Benjaminen leinuko gizon guztiak Jerusalemen bildu ziren; bederatzigarren hilaren hogeia zen. Herri guztia Jainkoaren etxeko plazan zegoen, arazo honengatik eta ari zuen euriarengatik dar-dar.

10 Orduan, Esdras apaiza jaiki eta honela mintzatu zitzaien:—Ez zarete leial izan Jainkoarekin, emakume atzerritarrekin ezkonduz; honela handitu egin duzue Israelen errua.

11 Aitortu orain zeuen bekatua Jaunari, zeuen gurasoen Jainkoari, eta egizue haren nahia: aldendu lurralde honetako jendearengandik eta emakume atzerritarrengandik.

12 Batzar osoak deiadar batean erantzun zuen:—Bai, zeuk esan bezala egingo dugu!

13 Baina asko gara eta euri-aroa da; kanpoan ezin gintezke egon. Gainera, arazoa ez da egun batean edo bitan erabakitzekoa, asko baikara bekatu hori egindakoak.

14 Geldi daitezela orain gure buruzagiak batzar osoaren izenean. Eta gero, erabakitako egunetan, etor daitezela hirietan emakume arrotzekin ezkondu direnak, hiri bakoitzeko agintari eta epaileekin, arazo hau dela-eta piztu dugun geure Jainkoaren haserrea guregandik urrundu arte.

15 Baina Asahelen seme Jonatan eta Tikbaren seme Jahzias erabaki honen kontra atera ziren, Mexulam eta Xabtai lebitarrak ere alde zituztela.

16 Erbestetik etorritako beste guztiek, ordea, esan bezala egin zuten. Esdras apaizak gizon batzuk, jatorri bakoitzeko familiaburuak, aukeratu zituen eta izendatu; hamargarren hileko lehen egunean hasi ziren arazoa aztertzen.

17 Eta hurrengo urteko lehenengo hilaren lehen egunean amaitu zuten emakume atzerritarrekin ezkondu ziren gizonen auzia.

Errudunen zerrenda

18 Hona hemen emakume atzerritarrekin ezkondurik zeudenen zerrenda:Apaizen artean: Jotzadaken seme Josueren ondorengoetan: Maaseias, Eliezer, Jarib eta Gedalias;

19 hauek beren emazteak bidaltzeko hitza eman eta beren erruaren ordainetan ahari bana eskaini zuten.

20 Imerren ondorengoetan: Hanani eta Zebadias.

21 Harimen ondorengoetan: Maaseias, Elias, Xemaias, Jehiel eta Uzias.

22 Paxhurren ondorengoetan: Elioenai, Maaseias, Ismael, Netanel, Jozabad eta Eleasa.

23 Lebitarren artean: Jozabad, Ximei, Kelaias (edo Kelita), Petahias, Juda eta Eliezer.

24 Kantarien artean: Eliaxib.Atezainen artean: Xalum, Telem eta Uri.

25 Herriko jendearen artean: Paroxen ondorengoetan: Ramias, Jizias, Malkias, Miiamin, Eleazar, Malkias eta Benaias.

26 Elamen ondorengoetan: Matanias, Zakarias, Jehiel, Abdi, Jeremot eta Elias.

27 Zaturen ondorengoetan: Elioenai, Eliaxib, Matanias, Jeremot, Zabad eta Aziza.

28 Bebairen ondorengoetan: Johanan, Hananias, Zabai eta Atlai.

29 Baniren ondorengoetan: Mexulam, Maluk, Adaias, Jaxub, Xeal eta Jeramot.

30 Pahat-Moaben ondorengoetan: Adna, Kelal, Benaias, Maaseias, Matanias, Betzalel, Binui eta Manases.

31 Harimen ondorengoetan: Eliezer, Jixias, Malkias, Xemaias, Simeon,

32 Benjamin, Maluk eta Xemarias.

33 Haxumen ondorengoetan: Matenai, Matata, Zabad, Elifelet, Jeremai, Manases eta Ximei.

34 Baniren ondorengoetan: Maadai, Amram, Uel,

35 Benaias, Bedias, Keluhi,

36 Banias, Meremot, Eliaxib,

37 Matanias, Matenai eta Jaasai.

38 Binuiren ondorengoetan: Ximei,

39 Xelemias, Natan, Adaias,

40 Maknadebai, Xaxai, Xarai,

41 Azarel, Xelemias, Xemarias,

42 Xalum, Amarias eta Jose.

43 Neboren ondorengoetan: Jeiel, Matitias, Zabad, Zebina, Jadai, Joel eta Benaias.

44 Hauek guztiak emakume atzerritarrekin ezkonduak zeuden, eta emazte haietako batzuek seme-alabak ere izan zituzten.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10