9 Egunero, huts egin gabe, emango zaie zeruetako Jainkoari erre-opariak eskaintzeko behar duten guztia, Jerusalemgo apaizek esanari jarraituz: zezen gazteak, ahariak eta bildotsak; baita garia, gatza, ardoa eta olioa ere.
10 Horrela, opari atsegingarriak eskaini ahal izango dizkiote zeruetako Jainkoari, eta erregearen eta honen semeen osasunerako otoitz egingo dute.
11 Beste hau ere agintzen dut: norbait nire agindu honetatik aldentzen bada, beraren etxetik habe bat kendu, zorroztu eta sar dezatela bertan, beraren etxea zabor-pila bihurtuz.
12 Nire erabakiak gutxietsiz, Jerusalemgo Jainkoaren etxea hondatzeko eskua luzatzen duen edozein errege edo herri eraitsi dezala bertan bizi den Jainkoak. Neuk, Dariok, ematen dut agindu hau; bete bedi zehatz-mehatz».
13 Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernari Tatenaik, Xetar-Boznaik eta berauen funtzionario-lagunek zehatz-mehatz bete zuten Dario erregeak agindua.
14 Juduen arduradunek etxegintza-lanak ongi zeramatzaten aurrera, Ageo profetaren eta Idoren seme Zakariasen hitzak adoreturik; eraiki zuten azkenik etxea, Israelgo Jainkoaren eta Pertsiako Ziro, Dario eta Artaxerxes erregeen aginduen arabera.
15 Etxea Adar hilaren hogeita hiruan bukatu zuten, Darioren erregealdiko seigarren urtean.