1 Honela mintzatu zitzaien Jauna Moisesi eta Aaroni:
2 «Esan israeldarrei: Gizonezkoa, sexu-jarioa duenean, kutsatu bihurtzen da.
3 Nahiz hazia kanpora isuri nahiz barruan geratu, sexu-jarioa beti da kutsagarria, eta gizona kutsatu bihurtzen du.
4 Jariodunak erabilitako etzalekua nahiz eserlekua kutsatua gelditzen da.
5 Jariodunaren etzalekua ukitzen duenak arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
6 Jariodunak erabilitako eserlekuan esertzen denak arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
7 Jarioduna bera ukitzen duenak arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
8 Jariodunak garbi dagoen norbaiti listua botatzen badio, honek arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
9 Jariodunak zaldiz ibiltzean erabilitako zela kutsatua geldituko da.
10 Jariodunak azpian edukitako zernahi ukitzen duena kutsaturik geldituko da arratsa arte.
11 Aurrez eskuak uretan garbitzeke, jariodunak norbait ukitzen badu, honek arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
12 Jariodunak ukitutako buztinezko ontzia hautsi egingo da; zurezkoa uretan garbituko da.
13 «Kutsatzen zuen sexu-jarioa amaitu eta gero, zazpi egun itxaron beharko du gaixoak berriro garbi geratzeko; arropak garbituko ditu, ur bizitan bainatu eta garbi geldituko da.
14 Zortzigarren egunean, bi usapal edo bi usakume harturik, Jaunaren aurrera, elkarketa-etxolaren sarrerara, joango da eta apaizari emango dizkio.
15 Apaizak bata barkamen-oparitzat eta bestea erre-oparitzat eskainiko ditu. Honela, jariodunaren aldeko garbikuntza-ohikunea egingo du Jaunaren aurrean.
16 «Hazi-isuria duen gizonezkoa bainatu egingo da eta kutsaturik geldituko arratsa arte.
17 Hazia gainera erori zaion arropa nahiz larrua uretan garbituko da eta kutsaturik geldituko arratsa arte.
18 «Gizon-emakumeak, sexu-harremanak izan dituztenean, bainatu egingo dira eta kutsaturik geldituko arratsa arte.
19 «Hilerokoa izanik, odoljarioa duen emakumea zazpi egunez geldituko da kutsaturik; emakumea ukitzen duena kutsaturik geldituko da arratsa arte.
20 Hilerokoa izanik erabiltzen duen etzalekua nahiz eserlekua kutsatua gelditzen da.
21 Haren etzalekua ukitzen duenak arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
22 Hark erabilitako eserlekua ukitzen duenak arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
23 Hura etzanda edo eserita egondako lekuan dagoen edozer gauza kutsaturik geldituko da arratsa arte.
24 Aldi horretan emakumearekin etzaten den gizonezkoa haren lohidura beraz kutsatzen da, eta zazpi egunez geldituko da kutsaturik; erabiliko duen etzalekua ere kutsatua geldituko da.
25 «Hilerokoaz kanpo edo hilerokoan ohi den baino luzaroago odoljarioa duen emakumea, kutsaturik geldituko da odoljarioak dirauen bitartean, hilerokoan bezala.
26 Odoljarioak dirauen bitarte osoan erabiltzen duen etzalekua nahiz eserlekua kutsatua gelditzen da, hilerokoan bezala.
27 Horiek ukitzen dituena kutsatu bihurtzen da; arropak eta gorputza garbituko ditu eta kutsaturik geldituko da arratsa arte.
28 «Odoljarioa amaitu eta gero, zazpi egun itxaron beharko du emakumeak, berriro garbi geratzeko.
29 Zortzigarren egunean, bi usapal edo bi usakume hartuko ditu eta apaizari eramango dizkio, elkarketa-etxolaren sarrerara.
30 Apaizak bata barkamen-oparitzat eta bestea erre-oparitzat eskainiko ditu. Honela, emakumearen aldeko garbikuntza-ohikunea egingo du Jaunaren aurrean, kutsatzen zuen odoljarioagatik.
31 «Ez daitezela axolagabe izan israeldarrak beren kutsadurei dagokienez, haien artean dudan bizilekua kutsatzeagatik hil ez daitezen.
32 «Hori da kutsagarri diren sexu-jarioari eta hazi-isurketari buruzko legea,
33 hilerokoa duen emakumeari eta kutsaturik dagoen emakumearekin etzaten den gizonezkoari dagokien legea».