Lebitarrena 9 EAB

Aaronek eta semeek eskainitako lehen sakrifizioak

1 Zortzigarren egunean, Moisesek dei egin zien Aaroni, beronen semeei eta Israelgo herri-arduradunei.

2 Eta Aaroni esan zion: «Hartu zekor bat barkamen-oparirako eta ahari bat erre-oparirako, akats gabeak biak, eta aurkez itzazu Jaunaren aurrean.

3 Esan israeldarrei har dezatela aker bat barkamen-oparirako, zekor bat eta bildots bat, urtekoak eta akats gabeak, erre-oparirako,

4 zezen bat eta ahari bat elkartasun-oparitzat Jaunari eskaintzeko, eta olioz oraturiko irin-oparia. Gaur, hain zuzen, Jauna agertuko zaizue».

5 Elkarketa-etxolaren aurrera eraman zuten Moisesek agindu ziena; elkarte osoa hurbildu zen eta zutik zegoen Jaunaren aurrean.

6 Moisesek esan zien: «Horra Jaunak egiteko agindu dizuena, bere presentzia aintzatsua ager diezazuen».

7 Gero, Aaroni esan zion: «Hurbildu aldarera eta eskaini zeure barkamen-oparia eta erre-oparia, zeure aldeko barkamen-ohikunea egiteko; eskaini herriaren oparia ere, beraren aldeko barkamen-ohikunea egiteko, Jaunak agindu bezala».

8 Hurbildu zen Aaron eta bere barkamen-opariko zekorra hil zuen.

9 Semeek odola aurkeztu zioten, eta hark, behatza odoletan bustirik, aldare-ertzeko adarrak igurtzi zituen; gainerako odola aldare-oinean isuri zuen.

10 Oparigaiaren gantza, giltzurrunak eta gibela estaltzen zuen gantza aldarean erre zituen, Jaunak Moisesi agindu bezala;

11 alabaina, haragia eta larrua kanpalekutik atera eta erre egin zituen.

12 Gero, erre-opariko aharia hil zuen Aaronek; semeek odola eraman zioten, eta hark aldarea zipriztindu zuen alde guztietatik.

13 Ondoren, oparigaiaren zatiak eta burua eraman zizkioten eta Aaronek aldarean erre zituen.

14 Hesteak eta hankak garbiturik, erre egin zituen beste zatien gainean.

15 Ondoren, herriaren oparia aurkeztu zuen Aaronek; herriaren aldeko barkamen-opariko aharia harturik, hil egin zuen eta barkamen-oparitzat eskaini, zekorrarekin egin zuen bezala.

16 Erre-oparia ere eskaini zuen, arautua zegoen eran.

17 Baita labore-oparia ere; hartatik esku bete harturik, aldarean erre zuen, goizeko erre-opariaz gain.

18 Herriak elkartasun-oparirako eskainiriko zezena eta aharia hil zituen; semeek odola eraman zioten, eta Aaronek aldarea zipriztindu zuen alde guztietatik.

19 Zezenaren eta ahariaren buztanak, heste gaineko gantza, giltzurrunak eta gibela estaltzen zuena eraman zizkioten

20 eta, bularraren gainean ezarririk, erre egin zituen.

21 Gero, bularra eta eskuineko izterra aurkeztu zituen, Jaunak Moisesi agindu bezala, errituzko aurkezpen-keinua eginez.

22 Barkamen-opari, erre-opari eta elkartasun-oparien eskaintza amaitu zuenean, Aaronek, herriaren gainera eskuak jasorik, bedeinkatu egin zuen, eta ondoren aldaretik jaitsi egin zen.

23 Moises eta Aaron elkarketa-etxolan sartu ziren; berriro irtetean, herria bedeinkatu zuten. Orduan, Jaunaren presentzia aintzatsua agertu zitzaion herri osoari.

24 Jaunaren aurretik sua atera zen eta aldare gaineko erre-oparigaia eta gantzak kiskali zituen. Hori ikustean, herri osoak oihu egin zuen pozez, eta ahuspez jarri zen.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27