1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
2 «Esan israeldarrei: Norbaitek pertsona bat Jaunari eskaintzeko botoa egin badu, diru-kopuru bat emanez ere bete dezake bere botoa.
3 Prezioa ezartzeko, honako baliokidetza hauek erabiliko dira:«Pertsona hogei urtetik hirurogei artekoa bada, gizonezkoarentzat berrogeita hamar zilarrezko txanpon, santutegiko dirutan,
4 eta emakumearentzat hogeita hamar txanpon.
5 «Bost urtetik hogei artekoa bada, mutilarentzat hogei txanpon, eta neskarentzat hamar.
6 «Hilabetetik bost urte artekoa bada, mutikoarentzat bost txanpon, eta neskatoarentzat hiru.
7 «Hirurogei urtetik gorakoa bada, gizonezkoarentzat hamabost txanpon, eta emakumearentzat hamar.
8 «Ezarritako prezioa ordaintzeko norbait pobreegia bada, apaizari aurkeztuko dio eskaini duen pertsona, eta apaizak erabakiko du ordaindu beharrekoa, eskaintzailearen ahalbideak kontuan harturik.
9 «Botoz eskainia Jaunari opaltzeko gai den aberea bada, sagaraturik gelditzen da.
10 Ezin izango da, beraz, beste batez trukatu, hobea nahiz txarragoa izan; hala ere, trukatzen bada, bai eskainiriko aberea, bai ordezkoa, biak geldituko dira sagaraturik.
11 «Botoz eskainia Jaunari opaltzeko gai ez den abere kutsatua bada, eskaintzaileak apaizari aurkeztuko dio,
12 eta apaizak erabakiko du ordaindu beharrekoa, aberea zer-nolakoa den kontuan harturik. Apaizaren erabakia atzeraezina da.
13 Jabeak aberea berreskuratu nahi badu, ezarritako prezioa eta bosteko bat gehiago ordaindu beharko du.
14 «Norbaitek bere etxea sagaratzen badio Jaunari, apaizak erabakiko du etxearengatik ordaindu beharrekoa, zer-nolakoa den kontuan harturik. Apaizaren erabakia atzeraezina da.
15 Etxea sagaratu duenak berreskuratu egin nahi badu, ezarritako prezioa eta bosteko bat gehiago ordaindu beharko du, etxea berriro bereganatzeko.
16 «Norbaitek bere ondareko lursail bat sagaratzen badio Jaunari, bertan erein daitekeenaren arabera erabakiko da ordaindu beharrekoa: laurehun kilo garagar-hazi zilarrezko berrogeita hamar txanponetan.
17 Lursaila Jubileu Urtetik bertatik sagaratzen bada, ezarritako prezioa ordainduko da;
18 Jubileu Urtearen ondoren sagaratzen bada, berriz, apaizak aterako du prezioaren kontua, hurrengo Jubileu Urtea arte falta diren urteei dagokiena prezio orokorretik kenduz.
19 «Lursaila sagaratu duenak berreskuratu nahi badu, ezarritako prezioa eta bosteko bat gehiago ordaindu beharko du, lursaila berriro bereganatzeko.
20 Ez badu berreskuratzen eta, hala ere, beste norbaiti saltzen badio, berreskuratzeko eskubidea galtzen du.
21 Jubileu Urtean erabat eta betiko Jaunari sagaratua geldituko da, eta jabetza apaizarentzat izango da.
22 «Norbaitek, erositako lursail bat, herentziaz jaso gabea, sagaratzen badio Jaunari,
23 apaizak Jubileu Urtea arte ordaindu beharrekoaren kontua aterako du, eta eskaintzaileak egunean bertan ordainduko du ezarritako prezioa. Jaunari sagaraturik geldituko da.
24 Jubileu Urtean, ordea, lursaila jatorrizko jabearen eskuetara itzuliko da, hau da, erosia izan zitzaionagana».
25 (Prezioa santutegiko pisu-neurriaren arabera zilarrezko txanponetan ordainduko da, oin-txanpona hamar gramokoa delarik).
26 «Begi-bistakoa da ezin diola inork ere lehen abere-kumerik Jaunari botoz sagaratu, zeren, lehenengoa izanik, Jaunari baitagokio aldez aurretik: bai zekorra, bai arkumea Jaunarenak dira.
27 Lehen-kumea abere kutsatuarena bada, jabeak berreskura dezake, ezarritako prezioa eta bosteko bat gehiago ordainduz. Ez badu berreskuratzen, apaizak salduko du ezarritako prezioan.
28 «Begi-bistakoa da ere, norbaitek bere ondasunen bat —gizakia nahiz aberea, bere ondareko nahiz erositako lursaila— erabat eta betiko Jaunari sagaratu badio, ezin duela berreskuratu. Era horretan Jaunari sagaraturiko ondasuna guztiz sakratua da eta Jaunari dagokio bakar-bakarrik.
29 Gizakia bada ere, ez daiteke berreskura: heriotzara emango dute.
30 «Lurreko emaitzen hamarrenak ere —bai ereindakoarenak, bai arbola-fruituenak— Jaunarenak dira eta berari daude sagaratuak.
31 Norbaitek hamarren horietatik zerbait berreskuratu nahi badu, ezarritako prezioa eta bosteko bat gehiago ordaindu beharko du.
32 «Abereei dagokienez, abelgorria nahiz abere xehea izan, hamarretik bat Jaunari sagaratuko zaio, zozketa bidez aukeratuz.
33 Jabeak ez du onak ala txarrak diren begiratu behar, ezta aukeratua beste batez trukatu ere. Hala ere trukatzen badu, bai aukeraturiko aberea, bai ordezkoa, biak gelditzen dira sagaraturik eta, beraz, ezin izango dira berreskuratu».
34 Horiek dira Sinai mendian Jaunak Moisesi israeldarrentzat emandako aginduak.