Lebitarrena 23 EAB

Israelgo Jaiegunak

1 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2 «Esan israeldarrei: Hona, Jauna gurtzeko elkarrekin bilduz ospatuko dituzuen festaburuak.

Larunbata

3 «Sei egunez egingo duzue lan, baina zazpigarrena larunbata da, atseden-egun berezia. Batzar sakratua eginez ospatuko duzue. Ez duzue inolako lanik egingo. Nonahi bizi zaretela ere, Jaunari sagaraturiko atseden-eguna izango duzue.

Pazkoa eta Legamia gabeko Ogien Jaia

4 «Hona hemen batzar sakratua eginez ospatuko dituzuen festaburuen egutegia:

5 «Lehen hilaren hamalauan, ilunabarrean, Pazkoa ospatuko duzue Jaunaren ohorez.

6 «Hilabete beraren hamabostean Legamia gabeko Ogien Jaia ospatuko duzue Jaunaren ohorez. Zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue.

7 Astearen lehen egunean batzar sakratua egingo duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo.

8 Asteko egun bakoitzean opariak erreko dituzue Jaunaren ohorez. Zazpigarrenean batzar sakratua egingo duzue berriro eta ez da ohiko lan arruntik egingo».

Lehen Gari-sorten JaiaGari-sorten Jaia: Jai hau, segur aski, lurreko lehen fruituen eskaintzaren baliokidea da (ik. Ir 23,19; 34,26).

9 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

10 «Esan israeldarrei: Nik emango dizuedan lurraldean sartu eta bertako uzta bil dezazuenean, lehenengo gari-sorta apaizari eramango diozue.

11 Apaizak, errituzko keinua eginez aurkeztuko dio Jaunari, atseginez onar dezan. Larunbat biharamunean aurkeztuko du.

12 Egun berean urtebeteko bildots akats gabea eskainiko diozue Jaunari erre-oparitzat;

13 gainera, olioz oraturiko zortzi kilo ogi-irin garbi labore-oparitzat eta litro bat ardo isur-oparitzat. Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.

14 Ez duzue uztaren emaitzarik jango, ez ogirik, ez gari errerik, ez gari berririk, Jaunari oparia eramango diozuen eguna arte. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun, biziko zareten edonon.

Asteen JaiaAsteen Jaia: Ik. Ir 23,16 oh.

15 «Gari-sorten oparia aurkeztuko duzuen egunetik, hau da, larunbat biharamunetik hasita, zazpi aste zenbatuko dituzue;

16 berrogeita hamar egun izango dira, beraz, zazpigarren larunbat biharamuna arte, eta orduan beste labore-opari bat eskainiko diozue Jaunari:

17 bi ogi eramango dituzue zeuen etxetik, errituzko aurkezpen-keinua eginez Jaunari lehen fruitu gisa eskaintzeko; ogiak zortzi kilo ogi-irinez eginak eta legamiaz erreak izango dira.

18 Ogiez gainera, urtebeteko zazpi bildots akats gabe, zekor bat eta bi ahari eramango dituzue, Jaunari erre-oparitzat eskaintzeko, dagozkien isur-opariekin batera. Eta Jaunak atseginez onartuko du bere ohorez erretako oparia.

19 Gainera, barkamen-oparirako aker bat eta elkartasun-oparirako bi bildots eskainiko dituzue.

20 Errituzko keinua eginez aurkeztuko ditu apaizak opariok, bi bildotsak barne, lehen fruitu gisa eskainiriko ogiekin batera. Jaunari sagaratuak izango direnez, opariok apaizari dagozkio.

21 Egun berean batzar sakratua egingo duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun, biziko zareten edonon.

22 «Zeuen uzta biltzean, ez duzue soro-bazterrekoa moztuko, ezta eroritako galburuak batuko ere. Pobreentzat eta etorkinentzat utziko dituzue. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa».

Oroitzapen Eguna

23 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

24 «Esan israeldarrei: Zazpigarren hilaren lehena atseden-eguna izango duzue. Oroitzapen Eguna ospatuko duzue, poz-irrintziz eta batzar sakratua eginez.

25 Ez da ohiko lan arruntik egingo, eta oparia erreko duzue Jaunaren ohorez».

Barkamen EgunaBarkamen Eguna: Ik. 16,1 oh.

26 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

27 «Zazpigarren hilaren hamarrean Barkamen Eguna ospatuko duzue. Batzar sakratua izango duzue, baraua egingo eta oparia erreko Jaunaren ohorez.

28 Ez duzue inolako lanik egingo, Barkamen Egun berezia baita, Jaunaren, zuen Jainkoaren, aurrean zuen alde barkamen-ohikunea egingo den eguna.

29 Egun horretan barau egiten ez duen edonor herritik bota egingo dute.

30 Eta lan egiten duena neuk desagerraraziko dut herritik.

31 Ez egin, bada, inolako lanik. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun, biziko zareten edonon.

32 Atseden-egun berezia eta barau-eguna izango duzue; hilaren bederatziko ilunabarretik biharamuneko ilunabarrera ospatuko duzue».

Etxola JaiaEtxola Jaia: Ik. Ir 23,16 oh.

33 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

34 «Esan israeldarrei: Zazpigarren hilaren hamabostean hasita, zazpi egunez Etxola Jaia ospatuko duzue Jaunaren ohorez.

35 Lehenengo egunean batzar sakratua izango duzue eta ez da ohiko lan arruntik egingo.

36 Zazpi egun horietan opariak erreko dituzue Jaunaren ohorez. Zortzigarren egunean batzar sakratua izango duzue berriro eta era berean oparia erreko Jaunaren ohorez. Batzar-egun honetan ere ez da ohiko lan arruntik egingo.

Azkena

37 «Horiek dira Jaunaren festaburuak, eta horietan batzar sakratua ospatuko duzue, Jaunaren ohorez opariak eskaintzeko: erre-opariak eta labore-opariak, elkartasun-opariak eta isur-opariak, jai bakoitzari dagokion arabera;

38 hori guztia, asteroko atseden-eguneko opariez gain eta nork bere borondatez edo botoren bat betetzeko Jaunari eskainitako opari eta sakrifizioez gain.

Etxola Jaiari buruz

39 «Zazpigarren hilaren hamabostean, uzta bildu ondoren, zazpi egunez egingo duzue jai Jaunaren ohorez, lehen egunean eta zortzigarrenean atseden hartuz.

40 Lehen egunetik arbola jorien fruituak, palmondo-erramuak eta zuhaitz hostotsuen eta erreka-bazterreko sahatsen adarrak eskuetan harturik, zazpi egunez zuen poza adieraziko duzue Jaunaren, zeuen Jainkoaren, aurrean.

41 Urtero ospatuko duzue zazpi eguneko jai hau zazpigarren hilean. Betiko lege izango duzue hau belaunez belaun.

42 Zazpi egunez etxoletan biziko zarete jaiotzaz israeldar zareten guztiok,

43 zuen ondorengo belaunaldiek jakin dezaten etxoletan bizitzen jarri nituela israeldarrak, Egiptotik atera nituenean. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa».

44 Moisesek Jaunaren ohorez ospatu behar zituzten festaburuak adierazi zizkien israeldarrei.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27