20 Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
21 «Norbaitek Jaunarekiko desleial jokatzen badu, herritarrari zaintzeko nahiz mailegaturik hartua zion zerbaitetan iruzur eginez, edota zerbait ostuz nahiz bortxaz kenduz,
22 edota galdua zegoen gauza bat aurkitu duela ukatuz, edota, gizartean egin ohi den bidegabekerietakoren bat zuritzeko gezurretan zin eginez,
23 bekatu egiten du eta errudun bihurtzen da. Beraz, itzuli edo ordaindu egin beharko du, bai ostu edo bortxaz kendu duena, bai zaintzeko utzi zaiona edo, galdua egonik, berak aurkitu duen gauza;
24 baita gezur-zinez zuritu nahi izan duen zernahi bidegabekeria ere. Gainera, bosteko bat gehiago ordainduko dio Jaunari, bere errua aitortu bezain laster.
25 Ahari akats gabea eramango dio apaizari Jaunarentzat ordain-opari gisa, beste ordain-oparietarako erabilien baliokoa.
26 Apaizak haren alde barkamen-ohikunea egingo du Jaunaren aurrean eta barkatua izango du bekatua, edozein dela ere errudun bihurtu duen bekatua».