4 «Jendeak ohi duen bezala, honetaz eta hartaz zin-hitza arinkeriaz ematen duena, mesederako nahiz kalterako izan, eta konturatu gabe izanda ere, errudun bihurtzen da konturatzean.
5 «Kasu horietako batean errudun bihurtu denak bere bekatua aitortuko du,
6 eta artaldeko eme bat, ardia nahiz ahuntza, eramango dio Jaunari bekatuaren barkamen-oparitzat. Eta apaizak pertsona horren bekatuaren barkamen-ohikunea egingo du.
7 «Ardia edo ahuntza erosteko ahalbiderik ez duenak, bi usapal edo bi usakume eramango dizkio Jaunari egin duen bekatuaren ordain, bata barkamen-oparirako eta bestea erre-oparirako.
8 Apaizari eramango dizkio. Apaizak barkamen-oparitzat eskaini beharrekoa aurkeztuko du lehenbizi; burua moztuko dio lepo-hezur ondotik, baina erabat erauzi gabe;
9 hegaztiaren odol pixka batez aldarearen alboa zipriztinduko du, gainerako odola aldare-oinean isuriz. Barkamen-oparia da hau.
10 Bigarren hegaztia erre-opari gisa eskainiko du, arautua dagoen eran. Era honetan egingo du apaizak bekatuaren barkamen-ohikunea eta barkatua izango du pertsona horrek bekatua.