1 Garai hartan, Moisesen liburua herriaren aurrean irakurri eta hauxe aurkitu zuten idatzirik: amondarrek eta moabdarrek ez zutela inoiz Jainkoaren batzarrean parterik izango.
2 Izan ere, ez zieten israeldarrei lagundu ogia eta ura emanez. Moabdarrek Balaam erosi zuten, israeldarrak madarika zitzan; baina gure Jainkoak madarikazioa bedeinkapen bihurtu zuen.
3 Lege hau entzutean, atzerritarrak oro batzarretik botatzea erabaki zuten.
4 Lehentxeago, gure Jainkoaren etxeko gelen arduraduna zen Eliaxib apaizak hurbileko ahaidea zuen Tobiasi
5 gela handi bat atondu zion; lehen, gela honetan gorde ohi ziren oparigaiak, intsentsua, tenplurako tresnak eta gari, ardo eta olioaren hamarrenak, hau da, lebitarrei, kantariei eta atezainei zegokien partea eta apaizentzat izendatua zegoena.