1 Sanbalat, Tobias, Gexem arabiarra eta gainerako etsaiek jakin zuten harresia eraikia nuela. Ez zen zulorik gelditzen, nahiz eta artean ate-alderdiak jarri gabe egon.
2 Orduan, Sanbalatek eta Gexemek mandatu hau bidali zidaten: «Zatoz Ono haraneko Kefirimera gurekin hitz egitera». Niri kalte egiteko asmoa zuten.
3 Beraz, mandatariak bidali nizkien erantzun honekin: «Lan handietan nabil eta ez naiteke joan. Zuengana joateagatik bakarrik lanak ez nituzke utzi nahi».
4 Lau aldiz mandatu berbera bidali zidaten eta lauretan gauza bera erantzun nien.
5 Bosgarrenean, Sanbalatek bere laguntzaile bat bidali zidan gutun ireki batekin.
6 Hona zer zioen: «Gexemek esan didanez, zurrumurru hau zabaldu da herrien artean: zu eta zure herritarrak erregearen aurka jaikitzeko asmotan zabiltzatela, horretarako ari zaretela harresia eraikitzen; gainera, zeu izango zinatekeela horien errege.
7 Jerusalemen Judako erregetzat aldarrika zaitzaten profetak ere izendatu omen dituzu. Zurrumurru hauek hel daitezke erregeagana. Zatoz, beraz, horretaz elkarrekin hitz egitera».
8 Honela erantzun nion: «Diozun horretan ezertxo ere ez da egia; zeure kabuz sortutako asmakeria besterik ez da».
9 Beldurra sartu nahi ziguten, adorea galdu eta lana utziko genuen ustetan.«Eta orain, Jauna, sendotu nire asmoa!»
10 Egun batez, Mehetabelen iloba eta Delaiasen seme zen Xemaiasen etxera joan nintzen, berak etortzerik ez zuela eta. Hark esan zidan:—Bil gaitezen biok Jainkoaren etxean, tenplu barruan, eta itxi ditzagun ateak, etsaiak zu hiltzera baitatoz; gaur gauean bertan etorriko dira.
11 Erantzun nion:—Ni bezalako batek ez du ihes egiten. Eta naizena izanik, ez naiteke tenplura joan, bizirik ateratzeko; inolaz ere ez!
12 Izan ere, konturatu nintzen aholku hori ez zidala Jainkoak eraginik ematen, Tobiasek eta Sanbalatek erosita baizik.
13 Beldurra sartu nahi zidaten eta, hark esan bezala jokatuz, bekatua eragin. Horrela, belztu egingo zuten nire izena, eta neu lotsarazi.
14 «Gogoan izan, ene Jainko horrek, Tobiasek eta Sanbalatek egin didatena! Gogoan izan Noadias profetesa eta beldurra sartu nahi zidaten beste profetak ere!»
15 Harresia, Elul hilaren hogeita bostean bukatu zen, hasi eta berrogeita hamabi egunera.
16 Gure etsaiak eta inguruko herriak, hori jakin zutenean, zeharo harriturik gelditu ziren, eta lan hori gure Jainkoaren laguntzaz egina zela aitortu beharra izan zuten.
17 Baina, egun haietan ere, Judako handikiek eta Tobiasek gutun asko idatzi zioten elkarri.
18 Izan ere, jende asko zegoen Judan Tobiasekin hitzartua: Arahen seme Xekanias juduaren suhia baitzen Tobias eta honen seme Johanan Berekiasen seme Mexulamen alabarekin ezkondua baitzegoen.
19 Nire aurrean goraipatu egiten zuten gainera, eta nik esandakoak berari jakinarazten zizkioten. Tobiasek berak gutunak bidaltzen zizkidan, ni izutzeko.