6 Hori guztia gertatu zenean, ni ez nintzen Jerusalemen, Artaxerxes Babiloniako erregearen hogeita hamabigarren urtean erregeagana joana bainintzen. Handik pixka batera, erregeari baimena eskatu nion
7 eta Jerusalemera itzuli nintzen; orduan jakin nuen Eliaxibek Jainkoaren etxeko atarian Tobiasi gela bat prestatuz egindako gaiztakeria.
8 Asko nahigabetu ninduen honek eta gelatik kanpora jaurti nituen Tobiasen gauza guztiak.
9 Gero, gelaren garbikuntza egiteko agindu nuen, eta Jainkoaren etxeko tresnak, oparigaiak eta intsentsua berriro bertara ekarrarazi nituen.
10 Jakin nuen, gainera, lebitarrei ez zitzaiela ematen zegokien partea eta, horregatik, lebitarrek eta kantariek, beren zerbitzua bete beharrean, beren herrietara alde egin zutela.
11 Agintariei errieta egin nien Jainkoaren etxea bazter utzi zutelako. Gero, lebitarrak eta kantariak bildu eta beren lekuetan jarri nituen berriro.
12 Orduan, judu guztiak gari, ardo eta olioaren hamarrenak biltegietara berriro ekartzen hasi ziren.