1 Sanbalat, Tobias, Gexem arabiarra eta gainerako etsaiek jakin zuten harresia eraikia nuela. Ez zen zulorik gelditzen, nahiz eta artean ate-alderdiak jarri gabe egon.
2 Orduan, Sanbalatek eta Gexemek mandatu hau bidali zidaten: «Zatoz Ono haraneko Kefirimera gurekin hitz egitera». Niri kalte egiteko asmoa zuten.
3 Beraz, mandatariak bidali nizkien erantzun honekin: «Lan handietan nabil eta ez naiteke joan. Zuengana joateagatik bakarrik lanak ez nituzke utzi nahi».
4 Lau aldiz mandatu berbera bidali zidaten eta lauretan gauza bera erantzun nien.
5 Bosgarrenean, Sanbalatek bere laguntzaile bat bidali zidan gutun ireki batekin.
6 Hona zer zioen: «Gexemek esan didanez, zurrumurru hau zabaldu da herrien artean: zu eta zure herritarrak erregearen aurka jaikitzeko asmotan zabiltzatela, horretarako ari zaretela harresia eraikitzen; gainera, zeu izango zinatekeela horien errege.
7 Jerusalemen Judako erregetzat aldarrika zaitzaten profetak ere izendatu omen dituzu. Zurrumurru hauek hel daitezke erregeagana. Zatoz, beraz, horretaz elkarrekin hitz egitera».