Josue 22 BHNT

1 Ordu hequietan Josuec deithu cituen Errubentarrac, Gadtarrac eta Manaseren leinu erdia,

2 Eta erran cioeten: Eguin ditutzue Moisec, Jaunaren cerbitzariac, manatu darozquitzuen guciac: ene alderat ere gauça gucietan ethordun içatu çarete,

3 Eta çuen anaiac ez ditutzue utzi hunembateco ephean egungo eguna arteo, beguiratzen duçuelaric çuen Jainco Jaunaren manua.

4 Beraz çuen Jainco Jaunac baquea eta descansua eman dioizquitenaz gueroztic çuen anaiei, aguindu içan çuen beçala, bihur çaitezte eta çoazte çuen olhetara eta çuen goçameneco lurrera, Moisec, Jaunaren cerbitzariac, Jordanez haindian eman içan darotzuetenera;

5 Halaz bizquitartean non atzarriqui beguiratuco baititutzue, eta eguinçaz betheco manamendua eta leguea Moise, Jaunaren cerbitzariac eman içan darozquitzuenac, maitha deçaçuençat çuen Jainco Jauna, ibil çaitezten haren bide gucietan, beguira detzatzuen haren manamenduac, hari iratchiquiac egon çaitezten eta cerbitza deçaçuen çuen bihotz oroz eta arima guciz.

6 Eta Josuec benedicatu eta igorri cituen. Hauquiec itzuli ciren beren olhetara.

7 Bada, Moisec, Manaseren leinu erdiari Basanen eman içan cioen bere goçameneco lurra; eta hargatic Josuec guelditu cen berce erdiari bere lurra eman cioen gaineraco beren anaien artean Jordanez hunaindian mendebalerat. Eta beren olhetara igorri cituenean eta benedicatu,

8 Erran cioeten: Ontasundun eta aberats itzulico çarete çuen toquietara, cilhar, urhe, cobre, burdina eta asco soinecorequin: etsaiaganicaco buluzquina pharti çaçue çuen anaiequin.

9 Eta Errubenen eta Gaden semeac eta Manaseren leinu erdia itzuli eta goan ciren Israelgo semeen ganic Silotic, ceina Canaango lurrean baita, sarcecotzat Galaaden beren goçameneco lurrean, Moisen ganic ardietsi çutenera Jaunaren manamenduaren arabera.

10 Eta ethorri cirenean Jordaneco bizcarretara Canaango lurrean, Jordanearen ondoan alchatu çuten aldare bat ikaragarri handia.

11 Israelgo semeec hori aditu çutenean, eta berri-ekarle segurec heldu ciotenean Errubenen eta Gaden semeec eta Manaseren leinu erdiac aldare bat alchatu çutela Canaango lurrean, Jordaneco bizcarretan, Israelgo semeen parrean,

12 Guciac bildu ciren Silora, igaiteco eta hequiei gudu emateco.

13 Eta bizquitartean igorri çuten hequien gana Galaadeco lurrera Phinees, Eleaçar apheçaren semea,

14 Eta hamar aitzindari harequin, leinu bakotchetic bat.

15 Hauquiec ethorri ciren Errubenen eta Gaden semeetara eta Manaseren leinu erdia gana, Galaadeco lurrera, eta erran içan cioeten:

16 Hau gaztiatzen du Jaunaren populu guciac: Cer da legue hauste hori? Certaco utzi duçue Israelgo Jainco Jauna, sacrifiozco aldare bat alchatuz, eta Jaunaren erlijionetic guibelerat eguinez?

17 Ala guti çaitzue Beelphegorren eguin içan duçuen bekatua, eta egungo eguna arteo gure gainean baitirau tzarqueria haren nothac, hambat guiçon hil içan diren ondoan?

18 Eta çuec egun uzten duçue Jauna, eta haren hasarreac jaçarrico dio bihar Israel guciari.

19 Baldin uste baduçue lohia dela çuen goçameneco lurra, iragan çaitezte Jaunaren tabernaclea dagoen lurrera, eta çaudete gure artean: bakarric Jauna ganic eta gure lagunkidetasunetic ez beçaçue guibelerat eguin, aldare bat alchatuz gure Jainco Jaunaren aldarearen contra.

20 Acanec, Çareren semeac, ez othe çuen hautsi Jaunaren manamendua, eta guero haren hasarrea hedatu baitzen Israelgo populu guciaren gainera? Eta hura guiçon bat cen, eta oxala bera bakarric galdu içan balitz bere tzarqueriarequin

21 Errubenen eta Gaden semeec eta Manaseren leinu erdiac ihardetsi cioten Israelec igorri aitzindariei:

22 Jainco Jaun guciz hazcarrac, Jainco Jaun guciz hazcarrac badaqui, eta Israelec ere jaquinen du: baldin leguearen hausteco gogoz eguin içan badugu aldare hori, Jaunac ez begatzaizca gueriça, bainan bai gaztiga orai berean;

23 Eta holocausta, sacrificio eta baquezco bitimac horren gainean eçarceco gogoz eguin içan badugu, Jaunac berac bilha eta juia begatzaizca.

24 Eta ez hortaz hambat, bainan gogoratu çaicuna eta gure artean iharduqui duguna da erran içan dugula: Guerorat çuen semeec erranen diote gure semeei: Cer ikusteco da çuen eta Israelgo Jainco Jaunaren artean?

25 Oi Errubenen eta Gaden semeac, Jaunac Jordaneco hibaia cedarri eçarri içan du çuen eta gure artean: eta horren gatic pharteric ez duçue Jauna baithan. Eta bide hortaz çuen semeec gure semeac makurraracico dituzte Jaunaren beldurretic. Beraz uste içan dugu hobequi eguin,

26 Eta erran dugu: Eguin deçagun aldare bat, ez holocausta eta bitima escainceco,

27 Bainan lekucotasunetan çuen eta gure arteco, eta gure haurren eta çuenen arteco, cerbitza deçagun Jauna, eta gure çucenean içan dedin holocausten, sacrificioen eta baquezco bitimen escaincea; eta ethorquiçunean çuen semeec gure semeei erran ez deçoten: Pharteric ez duçue Jauna baithan.

28 Holacoric erran nahi balute, ihardetsico diotete: Huna Jaunaren aldarea gure aitec eguin içan dutena, ez holacaustetaco eta sacrificioetaco, bainan çuen eta gure arteco lekucotasunetan.

29 Urrun da gu ganic horretaco tzarqueria gu guibelatuco garela Jauna ganic, eta utzico baititugu haren urhatsac, aldare bat alchatuz holocausta eta sacrificio eta bitima escainceco, gure Jainco Jaunaren, aldare haren tabernaclearen aitzinean eguina içan denaz campo.

30 Horiec adituric, Phinees apheça, eta harequin ciren aitzindari Israelec igorriac, jabaldu ciren; eta Errubenen eta Gaden semeen eta Manaseren leinu erdiaren solasac hainitz ongui hartu cituzten.

31 Eta Phinees apheçac, Eleaçarren semeac, erran cioeten: Orai badaquigu gurequin dela Jauna, ceren garbi baitzarete holaco legue-haustetic, eta atheratzen baititutzue Israelgo semeac Jaunaren jaçarritic.

32 Guero bihurtu cen berce aitzindariequin Errubenen eta Gaden semeen ganic, Galaadeco lurretic, Canaango eremuetara, Israelgo semeen gana, eta berri horiec eman ciozcaten.      

33 Solas horrec atseguin eguin cioeten aditzaile guciei. Goretsi çuten Jauna; etzuten guehiago erran iganen cirela hequien contra, guerla emanen çutela eta xahutuco hequien goçameneco lurra.

34 Eta Errubenen eta Gaden semeec eguin çuten aldarea deithu çuten: Gure lekucotasuna Jauna bera dela Jaincoa.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24