1 Nik, Paulok, Jainkoak hala nahirik, Jesu Kristoren apostolu naizen honek, eta Timoteo anaiak, Korinton dagoen Jainkoaren eliz elkarteari eta Akaia probintzia osoko fededun guztioi idazten dizuegu.
2 Jainko gure Aitak eta Jesu Kristo Jaunak eman biezazkizuete grazia eta bakea.
3 Bedeinkatua Jainkoa, Jesu Kristo gure Jaunaren Aita, Aita errukitsu eta kontsolamendu ororen iturri den Jainkoa!
4 Berak ematen digu adore atsekabe guztietan, guk ere besteak edozein atsekabetan adoretu ahal izan ditzagun geuk Jainkoarengandik hartzen dugun adoreaz.
5 Izan ere, Kristorengatik jasan behar ditugun sufrimenduak ugari badira, ugaria da, era berean, Kristok ematen digun adorea.
6 Guk atsekabeak jasaten baditugu, zuek adorea eta salbamena har ditzazuen jasaten ditugu; adorea hartzen badugu, zuek adorea har dezazuen hartzen dugu, adore honek eraginik iraupenez eraman ahal izan ditzazuen guk geuk ere eramaten ditugun sufrimenduak.