2 Korintoarrei 11 EABD

Paulo eta sasiapostoluak

1 Zorakeriatxo batzuk barkatuko al dizkidazue! Horixe barkatzen dizkidazuela!

2 Izan ere, Jainkoak bere herriarengatik sentitzen duen jelosiaz nago ni zuengatik jeloskor. Senar bakarrari, Kristori, zauzkatet aginduta eta neskatxa garbi bezala aurkeztu nahi zaituztet berarengana.

3 Baina beldur naiz, sugeak bere maltzurkeriaz Eva engainatu zuen bezala, zuen gogoak ere ez ote diren gaiztotuko, Kristorenganako jarrera zintzo eta garbitik aldenduz.

4 Izan ere, etortzen zaizue norbait, guk predikatu genizuena ez bezalako Jesus predikatuz, edo hartu zenutena ez bezalako espiritua eskainiz, edo sinetsi zenutena ez bezalako berri ona hots eginez, eta zuek lasai-lasai onartzen duzue.

5 Hala ere, uste dut ez naizela ezertan superapostolu horiek baino gutxiago.

6 Mintzatzen motela banaiz ere, ez jakintzan, beti eta era guztietara agertu dizuedan bezala.

7 Gaizki egin ote nuen zuek goratzeagatik neure burua beheratzean? Jainkoaren berri ona dohainik hots egin nizuelako diot.

8 Zuek zerbitzatu ahal izateko, beste eliz elkarteei kendu behar izan nien neuretzako behar nuena.

9 Eta zuen artean nengoela beharrean gertatu nintzenean, ez nintzen zuetako inorentzat zama izan, Mazedoniatik etorritako senideek eman baitzidaten behar nuena. Nire jokaera hauxe izan zen eta hauxe izango ere: ezertan nekagarri ez izatea zuentzat.

10 Kristo niregan bizi dela bezain egia da harrotzeko bide hori inork ere ez didala kenduko Akaia osoan.

11 Zergatik jokatu dut horrela? Maite ez zaituztedalako ote? Ongi daki Jainkoak zenbat!

12 Horrela egin dut eta egingo ere, ni adina badirela-eta harro dauden horiek aitzakiarik izan ez dezaten.

13 Horrelako horiek sasiapostolu dira, gezurrezko langile, Kristoren apostolu-itxura baino ez dutenak.

14 Eta ez da harritzekoa: Satanasek berak argizko aingeru-itxurak hartzen baditu,

15 ez da handia izango haren zerbitzariek ere salbamenaren zerbitzari-itxurak hartzea. Baina horien azkena egintzen araberakoa izango da.

Paulok jasandako nekeak

16 Berriro diotsuet ez nazazuela zorotzat har. Edo bestela, uztazue niri ere zoro bezala zertxobait harrotzen.

17 Ez dut Jaunak argiturik hitz egiten, zoro batek hitz egingo zukeen bezala baizik, zertaz harrotu badudala jakinik.

18 Asko dira giza arrazoi hutsez harrotzen direnak; zergatik ez ni?

19 Izan ere, zuek, hain zentzudun izanik, gogoz jasaten dituzue zoroak.

20 Denak jasaten dituzue: morroi bihurtzen zaituztetenak, irensten zaituztetenak, lapurreta egiten dizuetenak, beren harrokerian gutxiesten zaituztetenak, masailekoka zarabiltzatenak.

21 Argi dago bigunegi izan naizela! Hori lotsa nirea!Besteak ausartzen direnera —badakit zoro bezala ari naizela— ni ere ausartuko naiz.

22 Hebrearrak direla? Bai ni ere. Israeldarrak direla? Bai ni ere. Abrahamen jatorrikoak direla? Bai ni ere.

23 Kristoren zerbitzariak direla? Ni gehiago, nahiz zorakeria izan hori esatea. Haiek baino neke gehiago jasan dut, kartzela gehiago, zigorradak zer esanik ez; hilzorian ere egona naiz hamaika aldiz.

24 Juduen eskuetatik bost aldiz hogeita hemeretzi zigorrada hartua naiz;

25 hiru aldiz makilatua, behin harrikatua, hiru aldiz hondoratu zen ninderaman itsasontzia eta gau-egun osoa eman nuen itsasoan galdurik.

26 Zenbat ibilaldi oinez eta zenbat arrisku! Arriskuak ibaietan, arriskuak bide-lapurren aldetik, arriskuak neure herrikoen aldetik, arriskuak jentilen aldetik, arriskuak hirietan, arriskuak basamortuan, arriskuak itsasoan, arriskuak gezurrezko senideen artean.

27 Zenbat neke eta lan! Gau asko lorik egin gabe; gose eta egarri; maiz ezer jan gabe, hotzak eta jantzirik gabe.

28 Eta horien guztien gainetik, eguneroko nire buru-haustea: eliz elkarte guztien ardura.

29 Nor gaixotzen da, ni gaixotu gabe? Nor erortzen, ni erremindu gabe?

30 Harrotu behar badut, neure ahuleziaz harrotuko naiz.

31 Eta ongi daki Jainkoak, Jesus gure Jaunaren Aitak —bedeinkatua bera beti!—, ez diodala gezurrik.

32 Damaskon nengoela, Aretas erregearen gobernariak zaintzaileak ezarri zituen hirian ni harrapatzeko;

33 baina saski batean leihotik eraitsi ninduten harresian behera, eta horrela egin nuen ihes haren eskuetatik.

Kapituluak

1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13