2 Korintoarrei

Kapituluak 9

Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena)

Diru-bilketaz berriro

1Fededunen aldeko diru-laguntzari buruz ez duzue nik gehiago idatzi beharrik. 2Ezaguna dut zuen borondate ona, eta horrek harro ibilarazten nau Mazedoniakoen aurrean: Akaiakoek prestakizunak iaztik eginak dituztela esaten diet, eta zuen arreta bizia bizkorgarri gertatzen da gehienentzat. 3Anaiak bidaltzen dizkizuet. Ea, bada, harrotzeko nire bide hori ez den huts gertatzen gai honetan, eta zuek benetan prest zaudeten, esan dizuedan bezala. 4Ez dadila gerta, mazedoniarrak nirekin joan eta zuek prestatu gabe aurkituz gero, ni lotsatua gelditzea zuengan jarri dudan konfiantzagatik; lotsa, nirea bai, baina batez ere zuena izango litzateke. 5Horregatik, beharrezkoa iruditu zait, ni heldu aurretik anaia horiei zuengana joateko eskatzea, zuek agindutako emaitza prestaturik eduki dezaten. Prest egongo delarik, eskuzabaltasunaren adierazgarri izango da, eta ez zimurkeriaz egindako emaitza. 6Izan kontuan urri ereiten duenak urri biltzen duela, eta oparo ereiten duenak bildu ere oparo biltzen. 7Eman beza bakoitzak bere kontzientzian erabaki duena, baina ez gogo txarrez eta behartuta bezala, alai ematen duena maite baitu Jainkoak. 8Eta ahaltsua da Jainkoa, era guztietako dohainak zuei oparo emateko, zeuentzat denetik nahikoa izanik, egintza on guztietarako sobera izan dezazuen, 9Liburu Santuak dioen bezala: Esku betean ematen die behartsuei, haren eskuzabaltasunak betiko dirau. 10Ereiteko hazia eta jateko ogia ematen dituen Jainkoak emango dizue hazia, ugarituko du zuek ereindakoa eta oparo gehituko zuen eskuzabaltasunaren emaitzak. 11Denetan aberats zarete, denetan eskuzabal izateko; horrela, nire bitartez, zuen eskuzabaltasunak Jainkoarentzat esker ona sortuko du. 12Diru-laguntza hau liturgi zerbitzua bezala da, fededunen beharrak arintzeko ez ezik, askorengan Jainkoarenganako esker ona sortzeko ere balio baitu. 13Zuen diru-laguntzaren balioa egiaztatzean, Jainkoa goretsiko dute senideek, argi erakutsiko baitiezue Kristoren berri onaren menpeko egin zaretela eta benetan eskuzabala dela haiekin eta denekin duzuen elkartasuna. 14Era berean, Jainkoak egin dizuen dohain paregabea ikusiz, beren maitasuna erakutsiko dizuete, zuen alde otoitz eginez. 15Eskerrak Jainkoari, beraren ezin esan ahalako dohain horrengatik.